18 SET. 2022 ZORROZTARRIA Lau haizeetako debateak! Julen MURGOITIO Kontuak kontu, eta ez bankutxakoak prezisamente, gutunak idazten eman dut amaitu ez den astea. Eta hara! Paulo Tarsokoa burura etorri! Zenbat gutun ez ote zien idatzi apostoluak korintoarrei! Ene! Eta? Nago ni erantzun bat ere ez zuela jaso gizajoak, itun berri baten eske bazihoakien ere! Hemengo estatus berrirako itun gelditua gogoan… beste horien erantzunik ez; eta ez da posta-zerbitzuaren kontua, zin dagit! Murgoitio, demontre, harira! Uholdeak eta lehorteak prentsako krisi-orri berean ikusi ditut, parez pare, gainerako krisi-albisteen artean. Horra Zubietako erraustegi itxurako horretakoa. Zer eta transformadorea. Matxura konponezina edo, hortaz hor-konpon! Zabor-politikan eraldatzaile nahi zuten planta transformadore barik geratu! Kolpea gero! Eta bitartean goiko zubitik beheko errekastoan kutsadura ikusgai. Zabor munduan sarri garbiena zaborra bera. Tira, haizetsu dabil egunotan krisi energetikoaren inguruko eztabaida. Betiko batzuk harridura azaltzen saiatu dira, ordu txikerreko prentsa oharrak eta guzti, oraingo ezker subiranistak emandako 360 graduko aldaketarekin. Haiek haizea beti alde ez duten seinale. Izan ere, sakoneko debateen eredua aldatzen ari da, ohiko Ez-Bai eredu zaharretik lau haizeetako Zer-Nork-Nori-Non-Zelan-… eredu berritzailera. Konplexuagoa? Bai, duda barik, baina sinplea gezurra izaten da eta arriskua bizigarria. Hortaz, energia-trafikatzaileak haize hemendik! Elkanoren Nao horrena ere albiste, eta ez lehorreratzearen 500. urtemugaz, baizik eta patera handi horren eraikitze lekuaz; 0 km-ko ika-mika! Harrapa ezak/n! Irak/n! Harri gutxi eta arroka haurdun! Historiako gutunak ulertzeko zientzia dudan. Gehiago kezkatu ninduen ni haren eskifaiaren janzkerak. Zein zuten jostun? Eta ile-apaintzaile? Hor apainketarik izan bazen, sikiera…