GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostian turismo tasaren alde ia aho batez ageri dira Osoko Bileran

Donostian tasa turistiko bat ezartzeko beharrezkoak diren lege aldaketak egin ditzan eskatu zioten atzo Lakuako Gobernuari Gipuzkoako hiriburuko udal taldeek (PPk izan ezik, gainerako guztiek), Osoko Bilkuran onartutako mozio baten bitartez.

Turistak Donostian, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udaleko Osoko Bilkurak, EAJ, PSE, Elkarrekin Ahal Dugu-IU eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PPren ezetzarekin, Elkarrekin Donostia udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuen. Horretan, «hirian tasa turistiko bat ezartzeko lege aldaketak egiteko» eskatzen zion Lakuari.

Abuztuan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak tasa bat ezartzea ez dela «lehentasunezkoa ezta beharrezkoa ere» adierazi zuen, eta 2019an EAEko Turismoaren Mahaiak aukera hori baztertu zuela gogorarazi zuen.

Atzokoan, EAJk eta PSEk bi zuzenketa aurkeztu zizkioten mozioari, bata tasa ezartzeari begira inplikatutako sektoreak sartzeko, eta bestea tasa hiriko turismoaren aurkako borrokarekin lotzearen kontra. EH Bilduren abstentzioarekin onartuak izan ziren hauek.

Elkarrekin Ahal Dugu-IUk tasa horren beharra aldarrikatzen urteak daramatzala gogorarazi ostean, Aitzole Aranetak taldearen bozeramailean Donostiaren turistifikazio masiboaren prozesutik deslotzeko EAJ eta PSEren asmoaren aurka dagoela esan zuen.

«Turismoa ez da txarra berez, baina bai gaizki kudeatuta dagoenean», defendatu zuen. Bere taldearen «arazoa» ez dela «erretiratuak Kontxatik paseatzea, baizik eta Donostian ezin bizitzea» esan zuen.

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak gai hori «hauteskundeak hurbil daudenean eztabaida politikoa nola aldatzen den egiaztatzeko» paradigmatikoa dela zioen. Gogorarazi zuen ere 2019ko uztaileko Osoko Bilkuran, «aho batez» onartu zela Elkarrekin Ahal Dugu-IUren mozio bat gai horren inguruan.

Erreakzio desberdinak

Marisol Garmendia PSEko bozeramaileak adierazi zuenez, bere taldea «beti» egon da honen alde. «Bakarrak izan gara, beraz, ongi etorri orain gainerakoei», esan zuen. Hala ere, alkateak abuztuan tasa ezartzea planteatu zuenean Garmendiak Goiak horrekin «obsesioa» zuela esan zuen.

Markel Ormazabal EH Bilduko bozeramailea hirian tasa turistiko bat ezartzearen alde agertu da, baina «buelta asko» ematen direla kritikatu du.

Borja Corominas PPko bozeramaileak, donostiarren interesak Lakuaren aurrean defendatzeko Udal Gobernuaren «ahultasuna» deitoratu zuen.