GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Hautsak gogoan


Euria bor-bor, euriborra beste. Bada, bai, ohikoa ez den arren arrazoia eman behar zaio kontrario politikoari, kontrarioak arrazoia daukanean behinik behin! Eta Ajuriaeneko maizterrak arrazoia izan zuen lehengoan ekaitza zetorrela iragartzean, berak ez jakin arren. Total, esan eta euri-ura, euritakoa eskura! Hau astea nirea! Burua bor-bor, eta nire egunkari biei begirada oso azkarra gauean; ez dizkiet, bada, orriak pasa haizeak lurreko hostoak mugitu beste arin! Preserbatiboen BEZa jaitsi dutela leitu dut bazter batean, hori bai gure beheko estatuko gobernu zentralak jaitsi ere, hemengoek ez baitute preserbatiboen gaineko eskuduntza. Kontuak atera! Gernikako Estatutu haren hautsak berak ere ezin izan dute preserbatu!

Ama, ama! Hertzainen gaineko zer edo zer ere irakurri dut orriren batean, eta hara! seguru ertzainen bat kokaina atxikian duela atxilotu dutela, pentsatu dut; lerdo honelakoa! ez zen, bada, musika talde baten kontzertua! Zentratu Murgoitio, zentratu ezkerrean! «Sabotaje» hitza ikusi dut izenburu batean larri. Eta hara! Gas borroka zen! Non eta Nord Stream gasbide zer horretan. Galbide ez badiote esaten hemendik aurrerantzean! Tira, betiko itxita utziko balute ere gas gehiago mugituko luke bide horrek hemengo abiadura handiko tren zer horrek salgaiak baino! Kontuak atera! Banku handietatik atera ere! Eta beste nonon sartu!

Harira, demontre, harira! Zerbait ikusi dut asteroide baten gainean, eta hara, pentsatu dut, fiskalitateaz ari dira! Asteroko kontua baita hori azken bolada luzean, zerga borroka. Bada, ez, itxuraz kanpoko espazioko gorputz bati buruz ari ziren, barneko espaziotik bidalitako ontzi ez-tripulatu batek harekin apropos talka egin eta orbitatik atera zuena. Asteroide haren hautsak egun batean bilakatuko bizigai? Hala bada jatorra bedi!