GARA Euskal Herriko egunkaria

«Elkartasuna» ez da hitz zaharkitua Euskal Herrian

Milaka lagun elkartu ziren Sare plataforma herritarrak presoei elkartasuna adierazteko Donostiako Ilunbe plazan antolatu zuen jaialdian. Manifestazioa bukatu eta gutxira jendea pixkanaka sartzen hasi zen plazara, goizaldera arte iraungo zuen festa hasteko. Galtza motzetan ere hotzik ez bart Ilunben.

Ezkerrean, Ilunbeko jai giroa. Erdian, Su Ta Garren kontzertua eta eskuinean, Liher musika taldearen emanaldia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

15:30ean hasi zen Sarek urriaren 8rako antolatua zuen jaialdiari irekiera eman zion ekitaldea Donostiako Ilunbeko plazan. McOnak taldeko Irati Irizarrek, biolina eskutan zuela, lehen notak jo zituen bi dantzariren laguntzarekin halako performance bat egiteko. Ukelelea, gitarra eta pianoa lagun zituztela, Maider Ansa eta bere ahizpak igo ziren segidan, Tximeleta taldearen “Etxerat” abesteko. Jendearen erantzuna berehalakoa izan zen, erritmoa txaloka jarraitu zuen, eta abesten lagundu zieten oholtzakoei publikoan zeudenek. Ondoren, Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek hartu zuen hitza: «Eskerrik asko eta zorionak, 34 urtez herri, auzo eta kaleetan aktibo egon zaretenoi; zuei esker presoak gertuago ditugu gaur. Besarkada estuena istripuetan hil diren 16 senideen lagunei ere. Eta, nola ez bada, espetxe politika pairatu duten senideei», adierazi zuen.

Txalo zaparradak entzun ziren Oiarzabalek esaldi bakoitza bukatzen zuenean. «Eraitsi ezin ziren murruetan arrakalak zabalduz pixkanaka egoera aldatuz doa, baina bide luzea dugu oraindik ere aurretik; gaur ospatu dezagun eta bihar goazen berriz ere lanera. Gora gu eta gutarrak!», oihukatuz amaitu zuen hitzartzea Oiarzabalek.

Porrotx eta lagunak etorri ziren gero, umore ona jarriz, atzetik oholtzara kalejiran: «Guk ez genuen hemen egon behar, programatu gabe ginen, baina kolatu egin gara», esan zuen Porrotxek. Tartean zebilen Amets, Alacanteko Picassent espetxean jaio zen umea, gaur egun gurasoak Martutenen dituena. Publikoa segituan berotu zuen Porrotxek. Helduek ume txikienen pare gozatu zuten; ume gehienak kanpoan ziren, ordea, pailazoaren zain. Barruko umeak ateraz, “Epo itai tai ye” eta “Ni euri tanta banintz” abestu eta dantzatu zituzten Ilunbeko milaka lagunek.

Itzaltzuko bardoaren abestia kantatuz, a capella, Eñaut Elorrietak denok hunkitu gintuen, sekulakoa izan zen; bere sinpletasunean lortu zuenarekin euskal kulturaren ikono eta erreferente garbia dela argi utziaz. Jendearekiko harremana bilatu zuen, eta “Hemen gaude” eta “Itsasoa gara” abestiekin bat eginda kantatu zuten artistak zein bertaratuek.

beroketa laburra

Porrotx eta lagunekin batera kanpora irten ginen une batez. Irrintzi batekin hartu zituzten kanpoaldeko karpan, “Ikusi mendizaleak” klasikoa abestuz oholtzara kalejiran sartu zirenean. Oraingoan, bai, txikienek bertatik bertara gozatu zuten Porrotxekin abestuz eta dantzatuz. Emanaldian, NAIZ irratiak aurreratu zuen ikuskizuna eman zuten, hasi eta buka. Une berean, Belakoren txanda, plazan. Gazte eta ez hain gazte, dantzan, Woodstockeko espiritua presente balego bezala. Jaia eta aldarrikapena, hemen ere guztiontzako bakea baita helburu nagusietako bat, 60ko hamarkadako Woodstocken zen moduan. Ia geldialdirik gabeko emanaldia eskaini zuten mungiarrek, indarkeria matxistaren aurkako eta borroka feministaren aldeko aldarriak botaz.

“Agur jauna” bere erara abestuz, plaza ordurako lepo beteta zegoela, hasi zen Su Ta Gar. «Eskerrak denoi gaur hemen egoteagatik; garrantzitsua da hainbeste jende bertan egotea», esan zuen Aitor Gorosabelek. Jendearekin hartu emanean hasi orduko, giroa berotzen joan zen Ilunben eta horren adibide izan zen “Zure aurrean makurtzen naiz” jo zuten unea.

«Eskerrak eta zorionak Sareri, presoak euskal herriratzearen alde azken urteotan egindako lanagatik. Baita boluntarioei, manifan izan direnei, preso daudenei, preso ohiei, senideei, espetxe politikaren biktimak izan direnei ere; zuentzat gure maitasuna, bidea gara, egin bidea!» egin zuen oihu Su Ta Gar taldeko liderrak, eta “Jo ta ke” eta “Mari’ konbo perfektua, segidan. Publikoa poltsikora. Presoak gogoan izan zituzten “Gau iluna amaitu da” kantan: «Gaurkoa pausoa da, baina bidea ez da bukatu hemen, luzea izango da eta», gehitu zion abestiari Gorosabelek. “Rotaflexa” eta “Geroaren hazi hezia” abestien traka luzearen ostean, “Itxaropena” etorri zen eta beste behin Ilunbek abestu egin zuen. Bukatzeko, “Etsi gabe”-k, atzo zentzu berezia hartu zuen abestiak, eta “Begira” kantak itxi zuten kontzertua, «Euskal presoak etxera!» oihuen artean.

Liherrekoek hartu zuten erreleboa segidan, jendeak zintzurra bustitzeko tartetxo bat hartu zuen bitartean. Ez zen etenik izan bi kontzertuen artean, eta biek ere ordubetea ondo baino hobeto aprobetxatu zuten. Egurrean hasi zuten emanaldia Liherrekoek eta publiko femeninoarekin bat egiten dutela argi utzi zuten berriz ere; rock talde asko ez dira izango, oro har, hori lortzeko kapaz eta Liherrek gai dela erakutsi zuen enegarrenez Ilunben. GARAk jasandako espolioa izan zuen gogoan Lide Hernandok: «Hiru urte geroago, Ilunbe berriz horrela ikusteak hunkitu egiten nau. Argi geratu da Euskal Herrian ‘elkartasuna’ ez dela hitz zaharkitua». “Teloia” eta “Nor da piztia” kantekin eztanda egin eta presoak berriz ere gogoan izanda bukatu zuten emanaldia Liher taldekoek.

atseden txikia

19:15ean ziren Josu eta Gari oholtzan agertzekoak, eta Ilunbe goraino beteta zegoen ordurako. Atseden txikia egon zen, ordea, eta belarriek eskertu zuten. Bitartean, jendea olatuarena egiten ere aritu zen uneren batean.

Bi protagonistak oholtzan agertu orduko oihu eta txistuak sekulakoak izan ziren. Josuren akordeoia eta Gariren gitarra lagun, “Ta zer ez da berdin” batera abestu zuen Ilunbek, mugikorrak eskutan askok unea izoztuta gordetzeko. “Hertzainak” kantak eman zion jarraipena, publikoaren poztasunerako, eta “564” joz eta «segi borrokan» esanaz bukatu zuten lau abestiko emanaldia. Hortik aurrerakoa, gauza jakina, festa giroa eta aldarrikapena nagusi. Bidea luzea da, baina izan gaitezen bidea.