09 OCT. 2022 «Ulermen maila txikia dago gizartean buruko gaitzei dagokienez» Iñaki Segurola idazleak bere buruaz beste egin zuen apirilean, eta ingurukoak hortxe ari dira, erruaren eta minaren artean, balekoa izan daitekeen esplikazio bat bilatu nahian. «Ez da erraza», Garbiñe Larrea bikotekideak esan digunez. Buru Osasuneko Nazioarteko eguna ospatuko da bihar. 2021eko maiatzean aurkeztu zuen Segurolak «Koiteretzia» liburua. (Jon URBE | FOKU) Ainara RODRIGUEZ DONOSTIA Erantzuten zailak diren galderak daude; esaterako, galera traumatiko bat jasan ostean zer moduz ote gauden galdetzen zaigunean. Sei hilabete beteko dira urriaren 14an Iñaki Segurola idazle eta filologoa gurea artean ez denetik, berak deitzen zuen moduan, barruko «sakoneta beltzak» bere buruaz beste egiteko erabakia hartzera eraman zuenetik. «Zer moduz zaude gaur?», galdetu genion bere bikotekide Garbiñe Larreari. Eta segidan eman zuen erantzuna: «erantzuten zaila den» galdera dela, ez delako «prozesu lineala», galera traumatikoaren «minak maila asko» dituelako. Buru osasunaren nazioarteko egunaren atarian hitz egin dugu berarekin, eta gordin azaldu digu nola Iñakiren kasuan «lo galerak, antsietateak eta depresioak» eraman zuten bere buruaz beste egitera; indarrez eta ausardiaz betetako erabakia ere badena neurri batean, Larreak dioen moduan; «berak adierazten zuen ezinbiziak», azkenean, «sufrimendu handi batekin» amaitzera eraman zuelako. Saiatu dira horren atzean baleko arrazoiak topatzen: «Esplikazioak nahi izaten ditugu, naturala ere bada. Baina suizidioaren gaia konplexua da, ez dago esaterik kausa garbi bat medio gertatu denik». Errua, barruko zarata Dolu hauek bereziki traumatiko eta luze egiten dituena errua da. Ez diogu guk, Larreak berak Biziraun elkarteko Agustin Erkiziari Azpeitiko Osasun mentaleko jardunaldietan entzundakoa da. «Hau egin izan banu, bestea egin izan banu... Norbera saiatzen da horren kontra egiten; marmar moduko bat da, zarata bat. Hori hor dago, eta horrekin bizi behar da». Baina oso gogoan du nola izugarri lagundu zuen momenturik latzenetako batean alboan zuen pertsona batek esandakoak: «Bere gorpua eraman zutenean, ondoan nuen ertzainak esan zidan “zuk errurik ez daukazu eta berak ere ez. Ez izan tentaziorik berari errurik botatzeko; hau gutako edozeinek jasan dezakeen gaixotasun bat da”. Planteamendu horrek erakutsi zidan hau guztia nondik begiratu». Buruko gaitzekiko estigma, ordea, bere horretan dela azaldu du Larreak; kontatu du Iñakik ahalegin handia egin zuela bere mina ezkutatzeko, gizartean «ulermen maila oso txikia» dagoelako horiekiko. Lehen ere depresioa jasandakoa zen, eta gordin utzi zituen idatzita «gaixo zaudenean inork ez zaitu behar», «horrelako egoeretan ez duzu enpatia, ulermenik topatzen»... eta antzeko esaldiak. Eta horrek badu zergatia: «Minaren ukazio handia dago; positibitatearen tirania bat dago. Nola ez dago izango tabua? Erraz esaten dugu podologoarenera goazela, psikologoarena beharbada ere bai, baina psikiatrarengana goazela ez horrenbeste». Baliabide falta Ahalegina egin zuen Iñakik lo faltari, antsietateari eta depresioari iskin egiteko; tratamenduak ere jaso zituen -«ez dira balekoak izan bere kasuan», Larreak kontatu duenez-. Alta, bere prozesuan bada faltan sumatu duen zerbait ere: «Bada erantzule garbi bat, eta hori Osakidetza da. Ez profesionalak, baina bai, horien falta. Iñaki ostiral batez hil zen eta ondorengo ostiralerako zuen lehen zita emana. Hainbat herritarako psikiatra bakarra dugu. Murrizketak direla medio, ez dago gehiago. Ez du ezertarako balio kanpainekin ahoa bete eta ‘elkar zain dezagun’ eta horrelako gauzak esateak, gero maila praktikoan hori bada egoera. Pribatura ari dira bideratzen jendea: ezagutzen ditut maileguak eskatu behar izan dituztenak psikiatra pribatu batengana joateko». Ez du zalantzarik, horrelako egoerei aurre egiteko, «beharrezkoak» direla profesional horiek. Horregatik deritzo «salagarria» gaur egun bizi dugun «desmantelazioa». «Ganorexia» Iñakiren hil osteko azken lana duela astebete argitaratu dute: “Ganorexia”. Ez da gaitzaren lekuko, baina presente dago, Larreak azaldu duenez. Hil baino hiru egun lehenago jaso zuen azken pasartea berak, eta oso presente izan zuen, agur ekitalditik bertatik, argitaratu beharra zutela. Edizio «zaila eta konplexua» izan dela esan du, baina pozik daude emaitzarekin: «Ederra izan da argitaratu izana. Hainbat pertsonarentzat baliagarria izaten ari da Iñakiren galera handi hau hobeto eramateko. Neurri batean zor geniola uste dut». FALTA DE ATRALarrea denuncia la escasez de profesionales de la salud mental en Osakidetza. Por tanto, muchos enfermos son derivados a la red privada.