GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskubide Sozialen Kartak pobretzearen aurkako ekimen berriak gauzatuko ditu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren aurkako mobilizazio dinamika berri bat bultzatuko du, atzo jakinarazi zutenez. Azaroaren 19an mobilizazio-jardunaldi bat egingo da, borrokak bateratzeko helburuarekin.

Gasteizko batzar irekian parte hartu zuten Eskubide Sozialen Kartako kide batzuk. (LAB)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideak atzo Gasteizen egin zen batzar nazional irekian elkartu ziren eta han erabaki zuten hilabete honen eta hurrengoaren artean pobretze prozesuaren kontrako mobilizazio dinamika bat sustatzea. Datozen egunetarako ekimenak ez zituzten zehaztu, baina azaroaren 19rako mobilizazio-jardunaldi bat antolatu dutela aurreratu zuen, borrokak bateratzeari buruzkoa.

Urriaren 12arekin, Hispanitatearen Egunean, bildu ziren Gasteizen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuak eta gainerako kolektiboak hasi berri den ikasturteko plangintza adosteko asmoz. Batzarrean izan ziren, beste batzuen artean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Ernai, Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Piztu Donostia!, Gora Deustu!, Gaurgeroa eta baserritarren mugimenduko Etxalde eta Gune Ekosozialista sindikatuak.

Arabako hiriburuan egindako batzar horretan hartu ziren erabaki nagusien artean, garrantzitsuenetakoa datorren hilaren 19rako antolatuko duten borroka jardunaldia izan zen. «Pobretze-prozesuaren aurkako dinamikaren esparruan, borrokak elkartzean oinarritutako mobilizazio-jardunaldia» izango dela aurreratu zuten Eskubide Sozialen Karta osatzen duten kolektiboek.

Joan den urtean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “Indartzen eta saretzen” izeneko barne-prozesuari ekin zion, «dozenaka gizarte-eragile eta euskal sindikatuen gehiengoa biltzen dituen aliantza-esparrua egungo testuingurura egokitzeko» eta, horrekin batera, antolamendu-arloan urrats berriak egiteko asmoarekin.

Norabide horretan planifikazio parte-hartzaile eta irekiaren prozedura bat zehaztu zuten elkarlanean orduko hartan eta, halaber Euskal Herriko hiriburuetako espazio desberdinak indartzeko konpromisoak hartu ziren.

Gazte, emakume, migrante..

. Testuinguru horretan egin zen atzo ikasturte honetako batzar nazional irekia Gasteizen, eta gai hauek landu ziren bertan, besteak beste: «Bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoak eta gizarte-eskubideak murriztea, energia eta klima-krisia, gerra inperialistak, zaintza eta subiranotasun faltaren ondorioak».

Modu horretara, eragile desberdinen ekarpenak kontuan hartuta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio-dinamika bat gauzatuko du urritik azarora bitartean, «gazteek, emakumeek, pertsona migratuek eta arrazializatuek eta, oro har, biztanleek berariaz bizi duten pobretze-prozesuari aurre egiteko, eta gizarte-eraldaketa erradikalaren aldeko aktibazioa bultzatzeko». Ekintza zehatzak hurrengo egunetan jakinaraziko dituztela esan zuten kideek.