21 NOV. 2022 Donostiako Udalari kalean bizi direnekiko «inplikazio falta» leporatu diote Ekimenak agerraldia egin zuen atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU) Oinatz AIZPURU DONOSTIA “Kaleko afari solidarioak” ekimenak bi urte daramatza Donostian kalean bizi diren pertsonei otordu solidarioa eskaintzen. Bi urte hauetan udalaren partetik «babesik ez» dutela izan adierazi zuen Agus Rodriguezek. Egunean 160 bat laguni ematen diete jaten: Parte Zaharrean 60 bati, Egian 75 laguni eta Amaran 25i. Erakundeei dagokien ardura hartzeko eskatzen diete: «Beharra ikusten dugun bitartean jarraituko dugu ekimen solidario honekin, baina eurei dagokie bitartekoak ezartzea». Donostiako Udalak jatetxeekin hitzarmenak sinatzeko asmoa du, 60 bat laguni jana emateko. Alabaina, «motz» geratzen dela uste du ekimenak eta jantoki sozial bat irekitzeko eskaera zehatza egin diote Eneko Goiaren Udalari. «Gurekin ez zen fio Udala eta enpresa baten bidez ikerketa bat egin zuen kalean bizi diren pertsonak zenbatzeko», esan zuen Rodriguezek. «Enpresa horrek guk geniona baieztatu zuen: 220 bat lagun bizi direla kalean». Gainera, salatu zuen Udalak zentro sozial bat zabaltzeko proiektua aurkeztu duela, baina bertan ez dagoela jantoki soziala aurreikusita. Bestalde, Agus Rodriguezek ohartarazi zuen gero eta bertako jende gehiago gerturatzen zaiela. Erantzun integrala Jantoki sozialaz gain, «erantzun integrala» eskatu dute. Negu giroko eguraldia hasi den honetan, Donostiako Udalak etxegabetuentzat kanpaina aurkeztu du. 100 ohe izango ditu Donostiako La Sirena aterpetxeak, baina izotza iragarrita dagoen gauetan soilik irekiko dute. Joan den neguan protestak egon ziren La Sirena neguko gau guztietan ireki zezatela aldarrikatzeko. «Hau izugarrikeria iruditzen zaigu», esan zuen Rodriguezek. Ezer ez dutenei gauzak errazteko eskatu zuen: «Etortzen diren pertsonek hizkuntzarekin zailtasunak dituzte eta askok esan digute zerbitzu sozialetara jotzean ez dietela argitzen baliabideak zeintzuk diren. Ikusten dugu borondate falta handia dagoela. Udalak bere kupoa betetzen duela dio, eta kito». Horregatik guztiagatik beste jarrera bat hartu eta «inplikazioa» eskatu diote Donostiako Udalari.