GARA Euskal Herriko egunkaria
DURANGOKO GUNE ENBLEMATIKOAK ATEAK IREKIKO DITU BERRIZ

Plateruena: Udalak kudeatuta, kafe antzokia martxan izango da berriz

2020aren bukaeran itxi zen Plateruena kafe antzokiaren kudeaketa Durangoko Udalak hartu du bere gain, 300.000 eurotik gorako aurrekontuarekin. Maider Larrañagak gidatuko du hurrengo asteetan ateak berrirekiko dituen kulturgune enblematikoa eta, Azokaren ostean, Gabonetan ekitaldi batzuk egingo dituzte. Irekiera ofiziala 2023ko martxoaren 3an izango da.

Maider Larrañaga, Plateruenako buru berria, hedabideen aurrean egindako agerraldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Plateruenak hutsune handi bat utzi du». Durangoko kafe antzoki enblematiko honen agertokiaren gainean Patxi Lakuntza durangar zinegotziak atzo goizean esandako hitzok ondo baino hobeto islatzen dute zenbaterainoko galera izan zen egitura kultural honen itxiera bai Durangaldean, baita eta euskal kulturaren unibertso txikian ere. Itxiera data: 2020ko abendua, ia bi hamarkadako bizitza oparo eta zailaren ostean. Irekiera data, ofiziala behintzat, 2024ko martxoaren 3an. Halere, aurki egingo den Azokaren ostean -Ahotseneko kontzertu-aurkezpenak bertan egingo dira, ohi denez- Gabonetako egitarau «xume» bat izango da bertan, eta otsailerako zenbait ekitaldi aurreikusten dira. «Makineria martxan dago», aipatu zuen atzo Maider Larrañagak, Plateruenako arduradun berriak.

«Ondare kultural» honen desagerpenak -horrela esan zuten Udaleko ordezkariek- pizgarri gisa funtzionatu du Durangon, ateak itxi zituenetik lehenengo herritar talde bat eta ondoren Udala lanean aritu baitira kulturgunearen etorkizuna bermatu ahal izateko. Prozesu horren emaitza atzo eman zuten jakitera: Plateruenak hurrengo asteetan ateak zabalduko ditu berriro ere -modu ofizialean 2023ko martxoaren 3an zabalduko da- eta Udalak berak kudeatuko du kafe antzokia, talde eragile baten laguntzarekin.

Tabernarik bai ala ez?

Egitura (tabernarik izango duen, nola kudeatuko den...) eta datozen hilabeteetako egitaraua aurrerago emango dira jakitera, oraindik lotzen ari direlako, atzo esan zutenez. Esaterako, ostalaritza zerbitzua izango ote duen ez dago oso garbi. Formula egoki bat bilatzen ari omen dira.

Kontzertu eta ekimen kultural ugariren babesleku izan zen gune honen arazo ekonomikoak tarteko, kudeatzen zuen elkarteak berau desegitea eta espazioaren kudeaketa uztea erabaki zuen. Ezinezkoa zuten aurrera jarraitzea, zuloa handiegia zelako, baina egitura bera eta ondarea herriaren esku utzi zituzten.

Patxi Lakuntza eta Ane Abanzabalegi zinegotziek emandako zehaztapenen arabera, Plateruenaren itxierarekin, Udalak diagnosi bat abiatu zuen, durangar, elkarte eta eragileen parte hartzearekin batera.

Bertan, Plateruenak hiru lan ildo nagusitan lagundu behar zuela ondorioztatu zen: euskararen presentziari lehentasuna ematea, Durangoko elkarteen eta eragileen komunitatea indartzea eta kulturaz gozatzeko espazio erreferentziala izaten jarraitzea.

Alde horretatik, Udalak eskerrak eman nahi izan zizkion hausnarketa prozesuan diagnostiko propioa landu duen “Plateruena eta gero zer” plataformari, planteamendua aberasten laguntzeagatik. Era berean, bi prozesuek antzeko lehentasunak eta lan ildoak azaleratu zituztela gaineratu zuten udal ordezkariek.

Kudeaketari dagokionez, bi irtenbide nagusi egon dira mahai gainean: lehiaketa publikora atera eta enpresa edo elkarte pribaturen baten esku uztea -«baina honek kontrola galtzeko aukera ematen zuen», aipatu zuten zinegotziek- edota Durangoko Udalak kultur eskaintzaren kudeaketa bere gain hartzea.

Bigarrena hautatu da, horrek dakarren guztiarekin. Beraz, Plateruena Durangoko Udalaren kultur eskaintzaren parte izatera pasatuko da, San Agustin Kulturgunearen, Arte eta Historia Museoaren edota Musika Eskolaren maila berean. San Agustin kulturguneko langilea da, esaterako, Maider Larrañaga bera, orain Plateruenaz arduratuko dena. Halere, Kultur Mahaia izeneko elkargune bat sortuko dute herriko eragileek parte hartu ahal izateko. Kultur Mahaiaren helburua haien iritzi eta eskaerak modu ahalik eta horizontalenean kudeatzea izango da.

Etorkizuna garatzeko, 313.000 euroko partida aurreikusi da 2023ko Aurrekontu Orokorretan. «Apustu handia egin dugu azken urteetan kulturaren alde, baina kontziente ginen Plateruenak utzitako hutsuneaz. Orain hutsune hori ilusioz eta baliabide publikoz betetzera goaz, kulturgintzan, osasungintzan bezala, zerbitzu publiko duin batzuen alde egiten dugulako», gaineratu zuten ordezkari durangarrek.