GARA Euskal Herriko egunkaria

%50eko beherapena Gipuzkoako garraio publikoan


Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) garraio publikoaren prezioan %50eko beherapena 2023ra luzatzea erabaki du. GGLAko Tarifak Integratzeko Batzordeak asteartean onartu zuen proposamena. Batzorde horretan Aldundia, Lakuako Gobernua eta zerbitzuak dituzten Gipuzkoako udalak ordezkatuta daude, eta orain batzarrak berretsi beharko du.

Eneko Goia Donostiako alkatea haserre agertu zen erabakiarekin. Donostiako Udalak batzarrera ez joatea erabaki zuen, goizegi iruditzen baitzaio neurri hori hartzeko, eta nabarmendu zuen beherapen hori nola finantzatuko den ez dagoela araututa. Goiaren iritziz «arduragabekeria bat da hartutako erabakia», eta adierazi zuen aurrekontuan hamar milioi euroko inpaktua izan dezakeela. Bere ustez, PSE, Aldundian garraioa kudeatzen duena, modu «desleialean jokatzen» ari da, eta adierazi zuen hori ez dela berria.

Beherapenaren alde

Bestalde, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua den eta Garraio Agintaritzako burua den Rafaela Romerok (PSE) adierazi zuen «zoriontzekoa» dela hartutako erabakia eta «adostasunez» erabaki dela beherapenak aplikatzen jarraitzea. Gainera, horretan lehendabiziko lurraldea izatea pozgarritzat jo zuen.

EH Bilduren arabera, berriz, Eneko Goiak garraioan egindako beherapenaren inguruan duen irizpideak «ez du oinarri ekonomikorik, ezta administratiborik ere». Eta erantsi zuen printzipio ideologiko batzuen barruan kokatzen dela: «Alde horretatik sistema publikoa galtzen ari da».