08 DIC. 2022 Appa Hi! aplikazioa sortu dute Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioaren arrakastaren ondoren, euskara batura salto egin du Appa Hi! aplikazioak. Appa Hi! aplikazioaren xehetasunak. (APPA HI!) GARA Bost astetan hitanoz hitz egiten ikasteko balio duen Appa Hi! aplikazioa sortu du Badihardugu euskara elkarteak, CodeSyntax-ekin elkarlanean eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Aurkeztu berri duten bertsioa euskara batukoa da, aurretik Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa egin baitzuten. Honek arrakasta izan zuela ikusirik, bertsio berria egitea erabaki zuten. 35 egunetan, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak (Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak) eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera sorta bat dator, jolas moduan. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela berriro saiatu daiteke, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du hitanoa ikastea. Badihardugu elkarteak Ingo Xonau! proiektua koordinatzen du, Oñatin.