18 DIC. 2022 UEMAko kide berriak dira Asteasu, Astigarraga eta Hernani GARA DEBA Atzo goizean UEMAk batzar nagusia egin zuen Deban. Besteak beste, 2022an egindakoaren balantzea aztertu eta 2023rako egitasmo nagusiak onartu zituzten batzarkideak diren alkateek eta zinegotziek. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten. Horrela, gaurtik aurrera, Asteasu, Astigarraga eta Hernani ere UEMAko kideak dira. 300.000 biztanleko langa gainditu dute denen artean. Zehazki, 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek gaur egun. Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2023rako egitasmoa onartu zituzten batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu zituzten: «Anasguneen garrantzia jendarteratzeko Arnasa Gara kanpainaren harira aurten egin den Arnasetik bideosormen lehiaketa, Salto udalekuek izandako harrera ederra, herritarren kontzientziazioan sakontzeko hezkuntza proiektua sistematizatu izana, hizkuntza eragina neurtzeko udal batzuek onartu dituzten ordenantzak, Zinuema egitasmoa edo kontzientziazioan eragiteko bideratutako tailerrak», beste batzuen artean. Horiez gainera, aurtengo balantzean bereziki nabarmendu zituzten UEMAk egindako ikerketak: «Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa, EAEko udalen bilakaera soziolinguistikoa edota udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa proiektua, identifikatuz haurrek gaztelaniara gero eta lehenago jotzeko faktoreak».