GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
JEAN-DOMINIQUE IRIART
Larraineko auzapeza

«Kaudilloaren garaian ere ez genuen debeku hau ezagutu»

Jean-Dominique Iriartek aho bilorik gabe hitz egiten du duela bi urte Pirinio Atlantikoen Prefeturak eman zuen aginduari buruz. Tokian-tokian mugaren itxierak eragindako kaltetik harago, ohartarazten du «euskaldun eta europar gisara» debekuak dituen ondorioei erreparatu eta «printzipioen gaineko eztabaida» gauzatu beharra dagoela.

(Guillaume FAUVEAU)

Azken bi urteetan Prefeturak emandako aginduaren ondorioz «pertsonak libreki ibiltzeko eskubidea bortxatua» izan dela oroitarazi du «Jean-Do» Iriartek. Euskal Herrian ez delako dimentsio hori aintzat hartzen damu da Kataluniako Banyuls pasabidea ireki dadin martxan den dinamikari beha den auzapez zuberotarra.

Nola bizi duzue Nafarroarekin lotzen zaituzten pasabide naturala hetsia izatea?

Pasabide naturala da, baina ez soilik guretzat, Euskal Herriko jende guztiarentzat baizik. Beti gure herri tipiak jasaten duen kaltea aipatzen da, baina kaltea euskal biztanle guztientzat da. Ez gara gu bakarrik hunkituak; kaltea Europako biztanle guziek jasaten dute.

Ekonomia alorrean dituen ondorio txarrak nabarmentzen dira gehienbat.

Ekonomiaren ikuspegitik aztertzen da afera, eta kaltea hor dago. Bistan da, Larraineko jendeak Iruñera joateko behar du 50 kilometro gehiago egin, izan Ibañetatik edo Biarnoko San Martingo Harritik pasatuz, baina arazoa ez da bakarrik niretzat, edo gaineko larraintarrentzat, zuretzat ere bada, beste edozein euskal biztanlerentzat bezala.

Europar Batasuna sortzeko irizpide nagusia, hain zuzen, pertsonak libreki igarotzeko eskubidea, auzitan da inoiz ez bezala gure herrian.

Aitzinera joz, bi estatuek mugak finkatu zituzten arte (1856. urtean) hemen ez zen arazorik. Ondoren, jakin behar da Kaudilloaren denboran ere pasatu garela. Kontrolak baziren, noski, baina gaur ezagutzen dugun bezalako debekurik sekula ez da izan hemen. Europak merkantziak eta pertsonak libreki igarotzeko eremua sortuz geroztik lehenbiziko aldiz muga pasatzeko debeku osoa heldu da. Hori ez da zutik egoten ahal eta Europako jende bakoitzak behar luke salatu.

Iaz, Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako herritarrak bildu zituen ekimen batean, 'Euskal Herrian mugarik ez' leloa astindu zenuten.

Eztabaida behar delako bere mailan eman. Hala egin dute Banyuls-en, Katalunian. Han bai, ene ustez, eman dute auzitan debeku hori. Harremanetan gara hango elkarte eta herritarrekin. Gauzak hala segituz gero, iritzi publikoa interpelatzeko aukera izanen da.

Mendiko mugetan noiz lausotuko da egoera?

Estatuek dute subiranotasuna eta erabiltzen dute. Gure herri txikian muga ixtea tokatu zaigu. Eta hautetsi handiak ez ditut gehiegi entzuten. Lehenengo galdera da, zein da neurri horren efikazia? Ez du ezertarako balio. Izan terrorismoa, covida, migranteak edo droga, ontsa badakigu mendiko mugek ez dituztela sekula arazo horiek geldiarazi. Gure bortu hori, bestalde, beti erabilia izan da libertatearen alde borrokatzeko. II. Mundu Gerra denboran pasatu dira juduak, Ingalaterrako hegazkinlariak, erresistenteak.. eta guk egun behar dugu onartu muga hori zerratua izan dadin?

Nola erantzun inposaketari?

Alkate bezala behar nuke debeku hori aplikarazi, eta norbait pasatzen bada multa ezarri. Baina ni horren kontra naiz. Nafarrak, aragoiarrak baitaere, auzoak ditugu, denok gara europarrak. Aliatuak nahi ditut kalteak salatzeko baizik, zalantzan dauden baloreak defendatzeko.