GARA Euskal Herriko egunkaria
ESI DONOSTIALDEKO AFERA

Aurrerapenak badaude ere, protestei eutsiko diete Donostia Ospitalean

Elkarretaratzeak egiten jarraituko dute Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan. Aurreko astean Osakidetzarekin egindako bileraren balorazio positiboa egiten dute langile eta zerbitzuburuek eta zenbait aldarrikapen bideratzen ari direla onartu zuten, Onkologikoarekin loturikoak bereziki. Aldaketa horiek gauzatuko direla ziurtatzeko jarraituko dute protestekin.

Donostiako Ospitaleko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostialdeko ESIan batzarra egin zuten atzo, aurreko asteazkenean Osakidetzako zuzendaritzarekin beraien aldarrikapenen inguruan egindako bilera baloratzeko. Bileraren balorazio ona egin zuten, baina adostutakoa gauzatu bitartean elkarretaratzeekin jarraitzeko erabakia hartu zuten.

Ospitaleko atarian egindako adierazpenetan, Adolfo Lopez de Muniain Donostia Ospitaleko Neurologiako buruak azaldu zuen goizean goiz egin zuten batzarrean erabaki zutela elkarretaratzeekin jarraitzea. Orain, zerbitzuburuen helburua da joan den asteazkenean Osakidetzako zuzendaritzarekin egin zen bileran lortutako akordio-printzipioak garatuko direla ziurtatzea. Horretarako, bileraren akta onartu beharko du zuzendaritzak, bertan jasotzen baitira zerbitzuburuen aldarrikapenak.

«Bidalitako akten feedbacka jaso arte kontzentrazioei eustea erabaki da. Akta horiek hitz egindakoa jaso eta planteatutako gaiak ebazteko mekanismoak proposatzen dituzte», berretsi zuen Lopez de Muniainek.

Azaldu zuenez, batzarrean hiru batzorderen edo lantalderen sorrera bozkatu eta onartu zen, ESIko ordezkarien partaidetzarekin: bata kalitatekoa, bestea giza baliabideetakoa eta bestea ebaluaziokoa.

Ospitaleko Neurologiako buruak txalotu zuen Osakidetzak asteazkeneko bileran onartu zuela Donostialdeko ESI zerbitzuko buruek planteatutako «arazoak» «benetakoak» direla, eta, beraz, «itxaropentsu» daudela esan zuen.

Lopez de Muniainek adierazi zuenez, zerbitzuburuen eskaera «garrantzitsu» bat da Donostia Ospitalea zuzenduko duen pertsonak zentroa «ezagutu» behar duela. «Egoera dagoen bezala, oraindik ez dago pertsonarik ospitaleko zuzendaritza medikoa bere gain hartzeko prest, eta aukera desberdinak aztertu ditugu Osakidetzarekin», esan zuen.

Bere iritziz, kontu hau «oso garrantzitsua» da, ospitale handi bat «transatlantiko bat bezalakoa baita, eta une honetan geldirik dago». «Orain itsasoa bare-bare dago, baina osasun-gaietan badakigu itsasoa harrotu egin daitekeela eta zuzendaritza-talde osoa errendimendu betean edukitzea komeni dela», adierazi zuen.

Ildo horretan, agertu zuen Osakidetzako zuzendaritzari planteatu diotela «kargugabetutako zuzendariek beren ezagupen eta merezimenduekin bat datorren postua izan dezatela zuzendaritzan».

Aurrerapenak Onkologikoan

Onkologikoari dagokionez bereziki aurrerapenak ikusten dituzte langileek, bilera horren ostean eta jada ematen ari diren pausoetan. Osakidetzan gertatzen ari den integratze prozesuan Donostialdeko ESIan sartuko dela jakinarazi die zuzendaritzak, eta ondorioz Gipuzkoan minbizia duten lagunak hobeto artatuko dituztela txalotzen dute. Onkologikoaren langileak Osakidetzan sartuko dituztela ere badirudi, eta alde horretatik pozik dira profesional hauek.

«Azaldu zitzaigun Onkologikoko laguntza-planak Donostialdeko ESIarekin kontatuko duela», berretsi zuen atzo Lopez de Muniainek. Azaldu zuenez, «eraikinean minbiziaren kudeaketarekin zerikusia izango duen zati bat egongo da» eta «ikusteko dago prototerapia zati horren edo Donostialdeko ESIaren mende egongo ote den».

Lan Eskaintza

Beste aldarrikapen nagusietako batean, ordea, aurrerapen handirik ez dute ikusten: Lan Eskaintzarena da. Abiatu den azkena okerra dela berretsi zuten Donostialdeko ESIko zerbitzuburu eta langile hauek. Hala ere, horren ondorioz gabeziak egiaztatuko balira, «ez kezkatzeko, konponduko dutela», esan omen zien Osakidetzako zuzendaritzak.

Bestalde, Nafarroan zeresan handia ematen ari den esklusibitatearen aferari buruz galdetu zioten Jon Zabaleta eledunari Radio Euskadin. Honek esan zuenez, iritzi ezberdinak daude profesionalen artean, baina berea argi azaldu zuen: zerbitzuburuek behintzat ez luketela osasun sistema pribatuan aritu beharko adierazi zuen. Kontrakoa pentsatzean, esan zuen, «nire buruak eztanda egiten du. Guztiz bateraezina dela uste dut».

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria ere mintzatu zen esklusibitatearen inguruan. Adierazi zuen gustatuko litzaiokeela funtzionario publiko guztiek «beraien jardueran zerbitzu publikoaren esklusibotasuna» izatea. «Hortik aurrera, kontuan hartu behar da hitz egiten ari garenaren konplexutasuna, kolektibo jakin batzuen esklusibotasunari dagokionez», gaineratu zuen.