GARA Euskal Herriko egunkaria

Behin-behineko espetxealdia ezarri diote irakaslea hil zuen nerabeari

Asteazkenean Donibane Lohizunen bere irakaslea hil zuen 16 urteko gaztea behin-behineko espetxealdian ezarri du Fiskaltzak. Abokatuaren iritziz, gazteak «buru-ahalmenak nahasita zituen jakiteko» azterketa psikiatriko bat egin behar zaio.

Atsekabea, lizeoan, erasoa gertatu eta gero. (Guillaume FAUVEAU)

Bi egunez atxilotuta egon ostean, Donibane Lohizunen asteazkenean bere irakaslea labankadaz hil zuen 16 urteko gaztea behin-behinean espetxeratzea erabaki dute, Thierry Sagardoytho abokatuak atzo baieztatu zuenez.

52 urteko Agnes Lasallek bizia galdu zuen Lapurdiko udalerriko Tomas Akinokoa lizeoan izandako ustekabeko erasoaren ondorioz, eta Fiskaltzak hasieratik argi utzi zuen adingabeari «hilketa» egozteko asmoa zuela.

Gertaerak erabat hunkituta utzi ditu bai ikasleak, baita herritarrak ere.

Thierry Sagardoytho abokatuak azaldu zuenez, isilpekoa da gaztea espetxeratuko duten lekua. «Bere adina eta behar dituen zainketak kontuan hartuko dituen zentroa da», gaineratu zuen.

Azterketa psikiatrikoa

«Radar judizialek eta hezkuntza-radarrek antzeman ez zuten gazte bati buruz ari gara, bat-batean, publiko egingo ez ditudan arrazoi pertsonalengatik, hala jokatu duen gazte bati buruz. Psikiatrek ebaluatu eta aztertu beharreko zainketak eta tratamendua behar ditu, zertan ari zen jakinda jardun duen edo bere buru-ahalmenak erabat nahasita dauden zehazteko», nabarmendu zuen abokatuak, eta gaztearen gurasoak «nahasita eta gainez eginda» daudela gaineratu zuen.

Jerome Bourrier prokuradoreak, osteguneko agerraldian, gazteak azken hilabeteetan jasan dituen arazo psikiko larrien berri eman zuen. Adierazi zuenez, joan den irailean iritsi zen ikastetxera, beste lizeo batetik. Poliziari adierazi dionaren arabera, bertan jazarpena jasan zuen eta arazo psikologikoak zituen, baina auzitegiko psikiatrak ez du txostenean aipatzen buruko gaixotasunik duenik.

Betiere prokuradorearen arabera, mutikoak biktimarekiko gogaitasun-sentimendua zuen, eta espero zuena baino nota baxuagoa jarri zion, gainerako irakasgaietan kalifikazio altuagoak bazituen ere. Gainera, bigarren mailako beste ikaskide batekin liskarra izan zuen. Hain zuzen ere, eztabaida hori erasoaren bezperan gertatu zen.

Joan den udazkenean, gaztea bere buruaz beste egiten saiatu zen sendagaiak hartuta, eta, ordutik, tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zen eta antidepresiboak hartzen zituen.