GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ate birakarian irabioka


Entzuten nabil han-hemen aurrekanpainan garela. Bai zera, kimera! Kanpainan sartuta gaude bai, bete-betean, antxoarenean! Eta aste honetako bestelako albisteei eta berri zaharberrituei buruz zer esan? Hamaika gauza ditut buruan nahasian teklatura modu ordenatuan lekualdatzeko, baina beldur naiz nire atzamarrek ez ote duten gaur planto egingo… badutelako, izan, horretarako hainbat motibo, gehienak arrazoi ere direla! Jakingo balute horiek gaurko zutabe horizontala amaitu ostean ortuan kipulak sartzen erabiliko ditudala, nire aginduz! Tira, saiatu beharko!

Non nengoen ni? Ah, bai, Eusko Alderdi Jaurlaritzak, ditxosozko “berrikuntza” ulertzeko duen modu trabesean, energia berriztagarrien eremuan ageri duen apustu berriaz nengoen. Horra, voltaikoaz eta fotoeolikoaz gain, ate birakarien bidezko energia nahi du horrek sustatu. Sorioneku izan dadila, bide onetik badoa sikiera! Baina dudan nago ni. Zalantzarik ez daukat ate birakariaren eko-diseinua deigarria izango dela, 3D eta guztiz, baina horren eraginkortasunaz… hor dudak!

Imajinatzen nago prozesua. Atearen alde batetik administrazio publikoan kargualdia bere onurako energia bilakatzeko erabili duen pertsona sartu eta di-da batean atearen beste aldetik administrazio pribatua argitzeko ateratzen da kargudun dagoeneko ohia. Eta nago ni, ez ote zen energia gehiago, eta garbiago, sortuko ate birakariak sarrera baino ez baleuka? Hantxe barruan iraunkor geratuko balira horiek behin betiko mugi eta mugi, irabioka? Pentsatzekoa gero! Etika made in Lakua! Auzolana diote…

Ama, ama! Euskara jomugan dute toga-tegietan. Oso zaila omen delako, agian. Eta neurri batean ulertzekoa da. Horra! “erretreten erreforma” irakurri dut prentsan, eta segituan pentsatu: dutxa orain! Bada ez, Iparraldeko pentsioen kontua zen… Kipulak ditut zain!