GARA Euskal Herriko egunkaria

Baldintzapeko askatasunean dago Jon Crespo preso galdakoztarra

Etxeratek iragarri duenez, Jon Crespo Ortega preso galdakoztarraren baldintzapeko askatasuna irmoa da dagoeneko. 20 urte eta erdiko espetxealdia bete du, eta bi aldiz sailkatu dute hirugarren graduan. Duela 14 hilabete Auzitegi Nazionalak baliogabetu zuen lehenengo gradu progresioa, Fiskaltzak aurkeztutako helegitea aintzat hartu ondoren.


Jon Crespo Ortegaren baldintzapeko askatasuna irmoa da dagoeneko. Hala iragarri zuen atzo Etxerat elkarteak, preso galdakoztarrak 20 urte eta erdiko espetxealdia bete duela gogoratu zuenak.

Ohar labur batez azaldu zuen 2021eko urtarrilean Murtziako espetxetik Kantabrian dagoen El Dueso espetxera lekualdatu zutela Crespo, eta hirugarren graduan sailkatu zutela. Gradu progresioa onartu zuen Espainiako Espetxe Erakundeak.

Lakuako Gobernuak espetxe eskumena bere gain hartu zuen astean, Basauriko espetxera lekualdatu zuten Crespo, eta, hirugarren graduan zegoenez, kalean izan zen, beraren gertukoekin. Baina egoera horrek ez zuen asko iraun.

Izan ere, 2022ko otsailean, duela hamalau hilabete, Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin zuen lehenengo gradu progresioa, Fiskaltzak aurkeztutako aurkako helegitea aintzat hartu ondoren.

Hilabete batzuk lehenago erabaki berbera hartu zuen Unai Fanoren kasuan, eta ordutik hirugarren graduan sailkatutako errepresaliatu asko espetxera itzuli dira Auzitegi Nazionalaren aginduz. Joseba Arregi Erostarbe, Xabier Atristain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola eta Iñigo Gutierrez, besteak beste.

Cresporen kasua berezia izan zen; izan ere, El Duesoko Batzarrak oso argi utzi zuen «jokabidearen bilakaera positiboaren» baldintzak betetzen zirela. Baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe zaintzako Epaitegiaren arabera, beharrezkoa zen biktimei zuzendutako berariazko barkamena eskaera.

2022ko apirilean, orain dela urtebete, Lakuako Justizia Sailak berriro hirugarren graduan sailkatu zuen Crespo.

Berandu hartutako erabakia

Gogoratu beharra dago galdakoztarrak baldintzapeko askatasunean egon behar zuela 2022ko otsailetik, zigorraren hiru laurdenak bete zituelako.

2021ean bidalitako ohar batean Espainiako Espetxe Erakundeak aitortu zuen presoak zigorraren hiru laurdenak bete zituela urte horretako udan. Dozenaka errepresaliatu egoera berdinean dago.