GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Aitor Elordik azken txanpan lortu du final-laurdenetako lehen puntu garrantzitsua

Multzoko beste bi aurkariak Laso eta Altuna direla kontuan izanda, atzoko garaipenak ezinbestekoa dirudi finalerdietan egoteko aukerei eusteko.

Elezkano eta Elordi, atzo Labriten. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Aitor Elordik jarraipena eman zion bere bolada onari eta garaipenarekin ekin dio Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkari. Mallabitarrak 19-22 menderatu zuen Danel Elezkano Labriten, eta beretzat izan da B multzoko lehen puntua. Multzoko beste bi aurkariak Laso eta Altuna III.a direla kontuan izanda, esan liteke atzoko garaipena ezinbestekoa zela finalerdietan egoteko aukerei eusteko.

Elordi oso faborito irten zen apustuetan. Binakako Txapelketa irabazi berritan konfiantzaz beteta dabil eta atzo ere bikain ekin zion neurketari. Eskuinkada apartarekin ireki zuen markagailua eta bi sake zitalekin -motz-motzean bat eta zabalera bestea- 0-3 aurreratu zen.

Baina Danel Elezkanok ere hasieratik erakutsi zuen ez zegoela ezer oparitzeko. Iñaki Artola kanpoan uzteko balio izan zion jokoari jarraipena emanez, pilota ederki atzeratu zuen ezkerrez aukera izan zuen bakoitzean eta aurrean ere asmatu zuen pilota bihurritzen. Zaratamokoak ere sakez egindako bi tantorekin ezarri zuen lehen berdinketa markagailuan (3-3) eta hortik aurrera norgehiagoka oso parekatua joan zen: guztira 11 berdinketa egon ziren.

Bi pilotariek izan zituzten aukera onak tarteak zabaldu eta dema hausteko. Aitor Elordik egin zuen lehen saiakera, atzean lortutako tanto batekin 10-14 aurreratu zenean. Lehen zati horretan izan ziren bizpahiru tanto gogor, batez ere Elezkano kantxan asko ibiltzera behartu zutenak, eta Zaratamokoak ordaindu egin zuen hori fisikoki zenbait unetan. Elordik ere asmatu zuen Elezkanoren eskuina bilatzen boleaz horma-bikoak jota.

Hala ere, Danel gai izan zen une zail horretatik bizirik irteteko eta, sakea berreskuratzearekin batera, bera izan zen aurkaria estutu zuena. Pilota ongi gurutzatuz eta, batez ere, aurrean tantoa azkar amaituz, zazpi tanto jarraian egin zituen eta markagailua 10-14kotik 17-14kora igaro zen, azken tanto hori Elordi buruz gain pasatu zuen pilotakada eder batekin lortuz gainera.

Baina Elezkanok ere ez zuen lortu neurketa hor apurtzea, eta emozioa azken unera arte luzatu zen. Erremate polit batzuk trukatu ostean, 19-19an iritsi zen partidako azken berdinketa, eta azken txanpa horretan Elordi izan zen gehiago asmatu eta garaipena eskuratu zuena. Izan konfiantza handiagoarekin dabilelako edo izan fisikoki hobeto iritsi zelako une erabakigarrira, kontua da mallabitarrak merituzko bi tanto sinatu zituela markagailuan 19-21 aurreratzeko, eta neurketako azken tantoa Danel Elezkanok txapa azpira bidalitako pilota batean etorri zen.