GARA Euskal Herriko egunkaria

Asturiagako hilketak, «gerra zikineko lehenengoetariko esperimentua»

1974ko maiatzaren 20an Polizia espainolak Jose Luis Mondragon eta Xabier Roke gazteak hil zituen tiroz Hondarribiko Asturiaga itsasbazterrean. Kasuari argia eman eta bertsio ofiziala gezurtatzeko lanean ari dira Asturiaga 1974 oroimen elkarteko kideak.

Polizia espainolak Hondarribiko Asturiaga itsasbazterrean hil zituzten Jose Luis Mondragon eta Xabier Roke. (GARA)

Larunbat honetan 49 urte beteko dira Polizia espainolak Xabier Roke eta Jose Luis Mondragon euskal errefuxiatu gazteak Hondarribiko Asturiaga itsasbazterrean hil zituenetik. Gertatutakoa argitu nahian egiten ari diren lana azaldu zuen Xabi Bengoetxeak, Asturiaga 1974 oroimen elkarteko kideak, NAIZ Irratian.

Poliziak argitaratu eta garaiko hedabideek erreproduzitutako bertsioan armatuta zihoazela, hirugarren pertsona batek ihes egitea lortu zuela eta Estatu frantsesean beste pertsona bat atxilotuta zegoela zabaldu zen; bi hauek, Roke eta Mondragon, itsasontzi txiki batean hurbildu zirela, Poliziak altoa eman ziela eta, jaramonik ez egiteaz gain, tiroka hasi zirela.

Horren aurrean hainbat azterlan egin ditu Asturiaga 1974 oroimen elkarteak. «Ohar guztietan mezua bera zen. Poliziak hitzez hitz esandakoa adierazten zuen. Egindako azterketetan konturatu ginen maiatzaren 20 hartan marea biziak zeudela. Marea asko igotzen da eta asko jaisten da. Gertaerak 17:00etan izan zirela agertzen da prentsa frankista guztian, eta marea goian 16:30ean zen. Marea biziekin, guztiz goian, hondartza ia ez zen ikusiko», azaldu zuen Bengoetxeak.

Elkartearen iritziz, «frankismoa errelato bat zabaltzen saiatu zen, gerra zikineko lehen esperimentuetako bat» estaltzen saiatu ziren.

INFILTRATUA

Istorio honetan agertzen den beste izena Jesus Arrondo Marin ‘Cocoliso’ infiltratutako poliziarena da. «Bi balaz josita hil zituzten, eta batek ihes egin zuen: ‘Cocoliso’. ETAn eta errefuxiatuen artean egondako infiltratuetako bat izan zen Arrondo. «Poliziaren zenbait informaziok diote ez ote zuten goizegi erre. Autoan harrapatu zioten pistola bat, errefuxiatuen argazki pila batekin. Gertakari honen ondoren alde egin behar izan zuen. Urte batzuetara tirokatuta agertu zen, Andaluzian hilda», aipatu zuen Asturiagako kideak.

Bestea, laugarrena eta ustez atxilotutakoa, Pierre Irigoien izan zen. «Ez dago berarekin zer gertatu zen azaltzen duen informaziorik. Poliziak dioenari pisua emateko dago haren izena. Muntaia inportantea izan zen eta, Madrilen diseinatutako operazioa izanik, aurkitu zituzten hainbat pieza puzzlea osatzeko».

Bengoetxeak azaldu zuenez, Mondragonen arrebak esku artean ez zuten informazio asko eman zien. «Berarekin ikusi genuen bakardadea eta zer den biktima izatea ahanzturan». Ainhoa, Rokeren alabarekin ere harremana egin zuten. Honek gordetzen zituen txosten pila baten artean autopsia zegoen. «Han detaile batzuk agertzen dira. Autopsiak lesio ezberdinak aipatzen ditu. Bat kopetan, gertutik egindako tiro batekin kointzidituko zuena. Beste batzuk, urrutitik eginda. Eskuinetik jasotzen ditu tiro guztiak, buruaren erdi-erdian jasotakoa izan ezik. Beste tiro bat galtzarbean; eskuak goian izan behar zituen hori jasotzeko», dio, keinua egiteaz batera.