02 JUN. 2023 INOIZKO BALEONTZI GOZOENA PASAIAN 1.500 txokolate kilo erabili dituzte Albaolak eta Gozoa Elkarteak, atzo itsasoratutako ontzia egiteko. Urperatu gabe ibili zen badian. Albabolako bi kide, txokolatezko baleontziaren gainean, Pasaian. (Maialen ANDRES | FOKU) Iraitz MATEO Atzo eguerdian iritsi zen itsasoa eta gozogintza maite dituztenek irrikaz itxaron zuten unea: lehendabiziko txokolatezko baleontzia itsasoratzeko eguna. Ordu biak aldera guztien ahotan kezka bera zebilen: «Flotatuko ote du baleontziak?». 45 egunez aritu dira Albaolako kideak eta Gozoa Elkarteko gozogileak benetako neurria duen baleontzia txokolatearekin eraikitzen. 1.500 kilo txokolate behar izan dituzte horretarako. Jakin-min handia sortu zuen eta ontzia itsasoratzeko hitzordua baino ordubete lehenagotik zeuden herritarrak Albaola inguruan, zer gertatuko zain. Xabier Agote Albaolako lehendakariak ongi definitu zuen unea: «Gaur da txalupa itsasontzi bilakatuko den eguna, txalupa, itsasorik gabe, objektu bat besterik ez delako». Eta bilakatu zen objektua itsasontzi. Albaolako bi aprendiz txalupara igo ziren, gozogileek arraunak eusten zizkietela, eta apurka uretan sartu zuten. Guztien kezka argitu zen: txalupak flotatu zuen, eta txalo artean ibili ziren bi kideak txokolatezko baleontzian Pasaiako badian. Euskal itsas historia beste modu batera zabaltzea posible dela frogatu du beste behin Albaolak.