08 JUN. 2023 Beroak langileei dakarzkien arriskuak mugatzeko prest agertu da LAB Langileen lan baldintzak eta osasuna bermatzeko helburuz osatu du LAB sindikatuak beroaldiei aurre egiteko protokoloa. Gida horretan, enpresek hartu beharko lituzketen neurriez informatzeaz gain, ekintza sindikalaren bitartez arazoari aurre egiteko jarraitu beharreko neurriak zehaztu ditu. Inko Iriarte, Lan Osasuneko idazkaria, eta Oihana Lopetegi, Ekintza Sindikaleko arduraduna. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Naroa APAOLAZA BILBO LABek lantokietan beroari aurre egiteko gida osatu du, beroak langileengan eragiten dituen arriskuak identifikatu eta mugatzeko helburuarekin. Inko Iriartek, Lan Osasuneko idazkariak, eta Oihana Lopetegik, Ekintza Sindikaleko arduradunak, aurkeztu zituzten atzo gidaren oinarriak eta laneko osasunaren arloan prebentzioak duen «funtsezko garrantzia» azpimarratu zuten. Azkenaldian beroaldiak gero eta ugariagoak dira munduan. 2022ko uda orain arteko udarik beroenetakoa izan zen. Gainera, Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak aski argigarriak dira egoeraren okertzearen inguruan. Arduradunek ohartarazi zutenez, «gero eta egun bero gehiago ditugu urtean zehar, eta egun horietako tenperaturak gero eta altuagoak dira». Iazko urtea inoiz erregistratu den bigarren urterik beroena izan zen, batez besteko tenperaturak kontuan hartuta. Horrela, gogorarazi zuten Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldearen (IPCC) azken txostenak argi eta garbi adierazten duela planetaren tenperatura igotzen ari dela eta lehorteak, bero-boladak eta tenperatura-aldaketa bortitzak izateko arriskua biderkatzen ari dela. Beroaldiak ugaritu direla eta, langileengan horrek duen arriskuan arreta handiagoa jarri du LABek. Ekintza sindikala oinarri hartuta, beroaldiek langileengan dituzten ondorioak ahalik eta gehien murrizteko beharrezko neurriak zehaztu dituzte, muturreko egoeretan lanaldia gelditzea ere horien artean sartuta. «Ezohiko egoerak ezohiko ekintza sindikala eskatzen du», adierazi zuen Oihana Lopetegik. Lan-osasuna eta beroa batzen dituen gida honek bi oinarri nagusi ditu; alde batetik, beroaldien aurrean ezarrita dagoen legediari buruz informatzea eta, bestetik, enpresetan landu beharreko ekintza sindikala zehazten du, arriskuak mugatzeko jarraitu beharreko pausoak azalduz. ATSEDENALDIAK Ekintza sindikalean zentratuz, enpresak legez bete behar dituen neurriak bete ezean, LABek duela 27 urte onartutako lan-osasunerako neurriak ezartzeko eskatuko die enpresariei. Horiek betetzen ez badituzte, aurkeztutako gida honetan jarraitu beharreko urratsak abiaraziko ditu sindikatuak. Hasteko, LABek enpresari formalki eskatuko dio legezko arriskuaren prebentzio jarduera espezifikoa. Eskaera ukatu ezean, Osalani edo Noploi-ri jakinarazi beharko dio ez dela neurketarik egin edo egindakoak antzuak direla, eta lan-ikuskaritzari ere jakinarazi beharko dio egoerak dakarren arriskua. «Erabakitasunez eta antolatutako urratsez erantzungo dugu», baieztatu zuten sindikatuko ordezkariek. Horren aurrean, langileak antolatu eta sentsazio termikoaren araberako atsedenaldiak egingo dira. Sentsazio termikoa neurtzeko tenperatura eta hezetasun erlatiboa hartu behar dira kontuan eta horretarako delegatu eta afiliatuei formakuntza eta baliabideak emango dizkiete. Arriskutsua den momentuan beharrezko atsedenak egitera behartuko du sindikatuak eta muturreko egoerara iritsiz gero, jarduera geratzeko prozesua abiaraziko da, prebentzio legearen 21. artikuluan oinarrituz. Urrats hauek berme juridikoetan oinarriturik gauzatuko dira, langileen eskubideak bermatzeko eta enpresariak neurriak bete ditzan. «Enpresari merkeago aterako zaio neurriak hartzea, LABen ekintza sindikala pairatzea baino», adierazi zuen Inko Iriartek. DESCANSOSEl sindicato LAB obligar�� a realizar los descansos necesarios en caso de riesgo y, una vez alcanzada la situaci��n l��mite, se iniciar�� el proceso de paralizaci��n de la actividad en base al art��culo 21 de la ley de prevenci��n.