08 FEB. 2024 Urdulizko Mecaner enpresan greba mugagabea hasi dute GARA URDULIZ ELAk greba mugagabea abiatu zuen atzo Urdulizko Mecanerren. Sindikatuaren arabera, grebak «jarraipen zabala» izan zuen lehenengo egunean eta enpresako zenbait ataletan ekoizpena gelditzea lortu zuten, ELAk ohar batean jakinarazi zuenez. Stallantisek Urdulizko lantegia ixteko hartutako erabakiaren aurka grebara deitu zuten, «enplegu erregulazioko espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta denean». 148 langile kalean uzteko arriskuaz ohartarazi eta Stellantis taldeak fabrika deslokalizatzeko hartutako erabakia bertan behera uzteko eskatu zuen ELAk: «Ezin da onartu irabaziak dituen enpresa batek, 600.000 euro 2022an, Mecaner deslokalizatzeko erabakia hartzea». Beste sindikatuekin greba ez dela adostu adierazi zuten. Enpresa bideragarria dela azaldu zuen sindikatuak, eta erakundeei exijitu zien «Mecaner bezalako enpresetan enplegua suntsitzea ahalbidetzen ez duten politikak hartzeko eta itxiera eragozteko lan egiteko». «AUTOGOBERNUA, PREDIKATU ETA PRAKTIKATU» Idoia Sagastizabal EAJko diputatuak Yolanda Diaz Gobernu espainoleko presidenteordeari Mecanerren enplegua defendatzeko dituen planen inguruan galdetu zion. Diaz zuzena eta zorrotza izan zen erantzunean, 148 enpleguak Lakuak babestu behar dituela esan zion, «industriako lan eskumen guztiak transferituta daude eta». Hala ere, Gobernu espainolak «ahal duen guztia» egingo duela aditzera eman zuen. Bere erantzunaren amaieran, autogobernua «predikatu ez ezik, praktikatzea ere» badela esan zuen Diazek.