05 MAR. 2024 EDITORIALA Abortatzeko eskubidea blindatzeko erreforma Estatu frantseseko diputatu eta senatari gehienek onartu zuten atzo haurdunaldia eteteko «askatasun bermatua» Konstituzioan sartzea, hartarako 34. artikulua erreformatzea onartuta. Aspaldiko aldarrikapena zen, eta ez zen harrigarria Estatu frantseseko mobilizazioetan agertzea. Badira abortua beren Lege Nagusian aipatzen duten estatu gehiago, baina frantsesa da bere Konstituzioan esplizituki adieraziko duen bakarra. Badira beren konstituzioan abortatzeko eskubidea ukatzen duten estatuak. Horietako batzuek abortua aipatu eta eskuarki egoera espezifikoetan baimentzen dute, eta beste batzuek guztiz debekatzen dute modu inplizituan, zenbait kasutan zigor gogorren mehatxupean. Izan ere, hainbat estatutan eskubide hori murriztuta edo urratuta egoteak bultzatu du Estatu frantseseko erreforma hori, herritarren sostengu handia izan duena; baita alderdiena ere, ezkerrekoena baldintzarik gabea eta eskuinekoena eta eskuin muturrekoena erreparo handiagoarekin. Aldaketa hori Emmanuel Macron presidentearen promesa zen, Estatu Batuetako Gorenak abortatzea ez zela konstituzio eskubidea erabaki zuenekoa. 2007tik lehen aldiz aldatu dute frantses Konstituzioa, oraingoan feminismoaren lorpen handienetako bat bermatzeko, eta Estatu frantseseko feminismoan harrera ona izan du; hala ere, zenbait galdera ere sortu dira, haren helburuari dagokionez. Benetako lorpen feminista da, edo ekimen sinboliko hutsa? Izan ere, arrisku bat ere aipatu dute: hobekuntza konkretuak kaltetuta gertatzea, hala nola arreta medikuari eta epeei dagozkienak. Izan ere, duela urtebete pasa bozkatu zuten erreformaren lehen bertsioak, abortatzeko askatasun bermatuaren ordez, «eskubidea» jasotzen zuen, eta hura gauzatzeko berme zorrotzagoa izango litzateke. Denborak esango du norainoko ibilbidea duen eskubideen arloan. Edonola ere, orain abortatzeko eskubidea «blindatuta» ageri da Estatuko arau gorenean eta, zalantzarik gabe, berme handiagoa du, eskubide horrek herritarren babes handia duela ahaztu gabe. Aldaketak Euskal Herriko hiru lurralderi eragiten die, hoberako, espero izatekoa denez.