23 MAY. 2024 Zientzia azokan 800 gazte bildu dira Elhuyar Zientzia Azokan, ikasturte honetan zehar egindako 200 proiektu baino gehiago aurkezten ari dira 800 gazte inguru. Atzo abiatu zen Elhuyarren Zientzia Azoka, Bilbon. (ELHUYAR) Bilboko Areatzara hurbiltzen denak egurrezko etxolatxo batzuk eta ehunka gazte ikusiko ditu egun hauetan. Ez dute ez bata zuririk, ez filmetako orrazkera erorik, baina zientzialariak dira, edo zientzialariak izateko bidean daude, behintzat. Izan ere, atzo abiatu zen Elhuyar Zientzia Azoka, eta maiatzaren 25ean amaituko da sari-banaketarekin. Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Guztira, 800 gazte ari dira aurtengo azokan parte hartzen, eta Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Estatu espainoleko eta nazioarteko azoketako saridunak ere Bilbon dira. Zientzia Azokaren helburua «gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea» da, antolatzaileen esanetan. Horregatik, Bilbon antolatutako azokaz gain, urte osoan zehar egitaraua osatu nahi dute. Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute azokan, eta antolatzaileek duten konpromisoa azpimarratu dute: unibertsitate eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek eman dute izena.