01 JUL. 2024 I AM CELINE DION Bihotzetik irtendako kontakizuna Gaizka IZAGIRRE Celine Dion musikariak bizitza profesionala eta pertsonala aldatu(ko) zion albiste baten berri eman zuen 2022ko abenduan: SPS edota Pertsona Zurrunaren Sindromea delakoa zuen. Nahasmendu neurologiko eta autoimmunea da, giharretako espasmo jasanezinak eta zurruntasuna eragin ditzakeena. Artistari sakonki eragin dio gaixotasunak eta egun ezin du kontzerturik eman edota diskorik grabatu. Irene Taylor Brodsky zinemagileak urtebete baino gehiago eman du abeslaria filmatzen eta testigantza hori jaso du “I Am: Celine Dion” dokumental hunkigarrian. Barru-barrutik irtendako kontakizun honi esker, eta gaitzarekin duen borrokaren berri ematen duen bitartean, narrazioak iraganera eta orainaldira eramango gaitu. Abeslari gisa bizitako hainbat une ikusiko ditugu, baina bereziki izugarri sufritzen ari den artista baten istorioa erakusten du dokumental honek. Abeslariak, zintzotasun gordina erakutsiz, Las Vegaseko bere etxeko ateak ireki ditu -ia konfinatuta bizi da bertan-, eta bizitzen ari dena gardentasun osoz azaltzen eta erakusten du kamera aurrean. Dionen elkarrizketa bere ibilbideko zenbait eszena musikalekin tartekatzeak ikustaldia asko arintzen duen arren, batzuetan astun samarrak iruditu zaizkit, eta, alde horretatik, luze samarra iruditu zait. Azken urteotan sakontasunik gabeko fan service (zaleentzako zerbitzua) kiratsa darion lan ugari estreinatzen ari dira; zaleak pozteko eta harrapatzeko erabiltzen diren doako elementuak izaten dituzte; zorionez “I Am Celine Dion” ez da halako bat eta ikaragarri eskertu dut. Celine Dionen musika gustatu ala ez -aitortzen dut niri ez zaidala asko gustatzen- biziki gomendatzen dut dokumental hau ikustea. Bihotzetik irtendako kontakizun hunkigarria da, eta askok ezagutzen ez genuen sindrome horren ondorioak agerian jartzen ditu.