02 JUL. 2024 AEB-etako euskal gazteak, Gernikan AEBetako euskal diasporako 50 gazte gurean dira euskara ikasten eta euskal kulturan murgiltzen, «Ateak Ireki» programari esker. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak harrera egin dio taldeari Gernika-Lumon. (BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK) GARA Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporatik etorritako gazte talde batek hainbat aste emango ditu udan Euskal Herrian, euskal kulturan barneratzen eta bertako familiekin harremanak estutzen, “Ateak Ireki” proiektua dela-eta. Egitasmo honen helburua Euskal Herriaren eta AEBetako euskal komunitateko gazteen arteko zubiak eraikitzea da. Aurten, 16 eta 25 urte bitarteko gazteek hartuko dute parte, Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikak, NABOk (North American Basque Organizations) eta Goiekik (Goierriko Garapen Agentzia) bultzatutako programan. 50 lagun inguru etorri dira uda pasatzera, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, harrera egin zion taldeari Gernika-Lumon, bertako foru Parlamentuan. Munduan zehar sakabanatuta dagoen euskal diasporaren zati txiki horren esperientzia pertsonalak beren ahotik ezagutu zituen. Eta Batzar Etxeko egoitza nagusietan barna egindako itzulian, lekuaren garrantzia azaldu zien Batzen/Ateak Irekiko zuzendari Iñaki Goirizelaiarekin batera.