GARA Euskal Herriko egunkaria

Zapore oneko azken eguna... eta Ojo Birikiren barruko malkoak

Jaietako azken egunean Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsak bere onena eman zuen atzo eguerdian. Eneko Llinasek, duela 19 urtetik Ojo Biriki buruhandiaren atzean egon denak, pertsonaiari agur esan zion betiko, baita Calvasecari eta Laseñoritari bizia ematen dietenek ere. Llinasekin jendeak buruhandiarekin ezagutu duen «Enekoren parte handi bat» badoa, baina etapa berri bat irekitzeko pozik dago.

Gasteizko erraldoi eta buruhandiek eguerdian agurtu dituzte jaiak. (Jaizki FONTANEDA FOKU)

Amaitu dira aurtengo Gasteizko jaiak. Eguraldi ona oso lagungarria izan da aste osoan, eta atzo ere halakoxea izan zen. Gainera, abuztuko bigarren asteburuaren atarian, jai giroa nabaria zen goizean goizetik.

Nolanahi dela, amaiera guztietan bezala, tristura kutsua ere bazuen egunak. Horren erakusgarri izan zen Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsen agurra, hurrengo jaietara arte erretiratu baitziren eguerdian. Baina horren aurretik Gasteizko erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten.

Bitartean, idi probak eta pilota partida Foru plazan eta Jatorrak kuadrillaren igerileku txikia Andre Maria Zuriaren plazan, hiriko beste txoko batzuk girotu dituzte. Pixkanaka-pixkanaka, ume batzuen algarez eta beste batzuen negarrez eta ikarez lagunduta, buruhandiak eta erraldoiak irisi dira ibilbidearen amaierara, San Antonio kalera.

Agurra bereziki hunkigarria izan zen Ojo Birikiren atzean egon den Eneko Llinasentzat, baita Calvasecari eta La Señoritari bizia eman dieten Laurarentzat eta Maialenentzat ere. Jaietako azken egun honekin, ardura hau hartzen zuten azken aldia izan zen eta.

Eneko Llinasek, Ojo Birikik, GARAri azaldu zionez, «ez dago arrazoi konkreturik» uzteko, etapa aldaketa bat baino ez da beretzat, 19 urteren ondoren. Hemendik aurrera bizitzan beste bide batzuk abiatzea da haren asmoa: «Heldu da momentua».

Erabakia hartu badu ere, konpartsarekin irten aurretik urduri zegoela esan zuen. «Badakit hunkigarria izango dela. Ez dakit negar egingo dudan, baina barrutik malkoak izango dira», aitortu zuen.

Hala ere, agur esan duten bere bi kideekin batera eguna disfrutatzeko, gozatzeko eta momentua bizitzeko unea lehenetsi behar zela adostu zuten.

15 edo 16 urte zituenetik ibili da Llinas Konpartsarekin, eta horrek jaiak «beste modu batera eta beste ikuspuntu batetik» bizitzeko aukera eman dio. Momentuz ez du guztiz alde batera utziko, Gabonetan Olentzerorekin irtengo baita, «ziur nago».

«Harro eta lasai» dago Gasteizko buruhandietatik maltzurrena eta gehien jotzen duenarena egiten hartutako lanarekin. Pertsonaia zahar honen izaera mantendu duela dio, baina bere nortasun propioa ere eman dio, «maltzurra baina jolastiagoa». «Jende askok Ojo Birikirekin ezagutu du Enekoren parte handi bat», adierazi zuen pozik.

JAI BERRIAK

«Ojo Birikirekin ez egotea pena handia ematen didalako», datorren urteko Gasteizko jaietan Eneko Llinas ez da hirian egongo. Aurrerantzean jaietan Konpartsariekin ez egotearen hutsunea «handia» izango dela uste du. «Batez ere Ojo Birikik utzi duen hutsune hori nabarituko dut», esan zuen. Orain, «niretzat Gasteizko jai berriak izango dira, lehen aldiz egongo banintz bezala».

Alde ona ere ikusten dio etapa aldaketa honi. Esate baterako, jaietan beste gauza batzuk egin ahal izateko aukera izango du hemendik aurrera. Eta, gainera, bere lekukoa hartu eta 2025etik aurrera botxintxa gaiztoena duen buruhandiari bizitza emango dion hurrengoari jaiak barrutik bizitzeko aukera eskainiko zaio.