14 AGO. 2024 JOPUNTUA Espioi lanak Kepa KORTA Irakasle eta ikertzailea Ez gara atzo goizean jaioak. Kazetaritza lanik independente, zintzo eta profesionalenean ere oso zaila da ideologia isuririk gabeko informazio hutsa zabaltzea. Badakigu. Eta badakigu bakana dela, oso bakana, kazetaritza lan independente, zintzo eta profesionala. Hautu ideologiko deliberatu eta esplizituen mesederako egiten den informazioz mozorrotutako iritzia da nagusi hedabideetan. Eta hori ez da berria. Hedabide idatziei dagokienez, aspaldi geureganatua dugu lerro artean irakurtzeko gaitasuna edo berripaperak gaiaren arabera bereizteko praktika. Iritzirako hau, futbolerako beste hau, literaturarako hura, nazioarterako bestea: periodikoak leituz ilustratzen gara. Prekauzioak hartuta irakurtzen dugu, eta, hala ere, desengainua hartzen dugu batzuetan. “The Observer”-en abuztuaren 4ko editorialarekin hartu nuen neronek zaputza. AEBek eta Errusiak egindako preso trukearen argi-ilunak zituen mintzagai. Bidenen “lan diplomatiko arrakastatsuari” esker askatutakoak “Putinen diktadurak fabrikatutako karguekin atxilotutako 16 preso” gisa deskribatzen zituen. Trukean askatutakoak, berriz, Krasikov “Putinen lagun pertsonal, FSBko agente sekretu, hiltzaile konbiktua” eta “beste zazpi errusiar konbiktu” gisa. Lehen multzoan, bereziki aipatzen zuen Evan Gershkovitx kazetaria. “Bere lana egiten ari zen, besterik ez, atxilotu eta espiatzea leporatu ziotenean. Ez zegoen haren kontrako frogarik. Hala ere, hainbat hilabete larrigarri eta espektakulu-epaiketa jasan behar izan zituen”. Bigarrenean, Pablo Gonzalezi buruz txintik ere ez. Inferitu behar dugu, antza, atxilotu eta espiatzea leporatu ziotenean espioi lanetan ari zela, haren kontrako frogak bazeudela eta behar bezala epaitu zutela, “preso konbiktuetako” bat zenez. Inferituko dugu, ordea, partzialtasunak ez diola “The Observer”-en editorialgileari egia esaten uzten. Eta inferituko dugu, Mikel Aramendi itsasondoar zutabegile handiak abuztuaren 6ko GARAn idatzitakoari jarraituta, Pavelekin egindako txarkeriaren egilea Espainia izan zela, eta Polonia, konplizea; ez alderantziz. Prekauzioak hartuta irakurtzen dugu, eta, hala ere, desengainua hartzen dugu batzuetan. “The Observer”-en abuztuaren 4ko editorialarekin hartu nuen neronek zaputza