27 NOV. 2024 ZESTA Urreisti-Sorozabal, Winter Serieseko finalerdietan GARA Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek Eusko Label Winter Seriesetan sendo segitzen dute. Laduche eta Manciren aurka set batean gailentzea nahikoa zuten finalerdietan lekua egiteko, baina partida bera irabazi zuten, aurreneko seta 10-15 galdu arren. Ez kostatu gabe, hurrengo biak 15-11 eta 15-3 eraman zituzten gipuzkoarrak eta lapurtarrak. Floridan, Daniako frontoian, egin beharreko denboraldi laburra egitera etxeko lana ondo beteta joaterik izan dute. Laduche eta Manci askoz biziago kantxaratu ziren, eta 0-5 aurreratu. Lehenengo seta beti kontrolpean izan zuten: 2-7 edo 6-10. Urreisti eta Sorozabal 9-10 hurbildu ziren, baina Laduchek eta Mancik ez zieten gehiagorako aukerarik eman: 10-15 amaitu zen aurreneko seta. Ondorengo bi setetan etorri zer iraulia. Hori bai, tartean tanto polemikoren bat ere izan zen, non bideo arbitrajeak ere zeresanik izan zuen. Adibidez, Sorozabal errebotean sartzera zihoala, Laduchek tantoa errepikatu behar zela uste izanik, geratzea erabaki zuen, baina epaileek ez zuten halakorik adierazi. Ondorioz, 4-2 aurretik ipini ziren Urreisti eta Sorozabal, eta amaieran Urreistik zabalean moztuta zigilatu zuen garaipena. HURRENGO LEHIAK Aurreneko postua A multzo honetan erabakita geratu bada ere, bigarrena erabaki behar da: Laduche-Manci, Goitia-Del Rio eta Barandika-Lopez bikoteek aukerak dituzte. Eusko Label Winter Seriesetako hurrengo hitzordua datorren astelehenean izango da: Johan-Lekerika eta Urrutia-Basque.