GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
NEKANE PRADERA
Mendi duatloilaria

«Herri berriak animatzen ez badira, hau galtzen joango da, eta pena da»

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko txapelduna da Nekane Pradera (Mallabia, 1989) bigarren urtez jarraian. Mallabitarrak NAIZ Irratian adierazi du «oso pozik» dagoela txapela lortu izanagatik, baina «kezkatuta», era berean, etorkizuna ez duelako argi ikusten. 11 emakume izan dira orotara lehian, zirkuituak dituen sei probetan.

Padrera, Adunako probaren ostean, podiumean hirugarren. (EHMDZ)

 

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko txapelduna da Nekane Pradera bigarren urtez jarraian. Bera eta bigarren geratu den Ainhoa Marquinez izan dira soilik proba guztietan lehiatu diren emakumeak. Hamaika neska izan dira orotara lehian zirkuituak dituen sei proba ezberdinetan. «Oso pozik», agertu da Pradera txapela lortu izanagatik, baina «kezkatuta», era berean, etorkizuna ez duelako argi ikusten. «Herri berriak animatzen ez badira, hau galtzen joango da, eta pena da». Sei bat urte daramatza mallabitarrak zirkuituan parte hartzen, eta hasieran 10 proba inguru izatetik aurten sei izatera pasatu da.

Oso erregular aritu zara zirkuituan; Durangon bigarren, Kanpezun lehena, eta Amasan, Aian, Ibarran eta Adunan, beti izan zara podiumean.

Bai, hori izan da giltza. Erregulartasuna, lasterketa guztiak egin eta bukatzea. Podium egin dut denetan, eta bai, erregulartasuna izan da giltza.

Arabakoan irabazi zenuen, Kanpezukoa. Gasteizen bizituta, bereziki prestatu zenuen?

Ez, horixe! [Barrez]. Gainera, ez nintzen probatzera ez ezertara joan. Baina Kanpezukoa bereziki teknikoa zen, eta bizikletan egiteko polita. Ni bizikletan moldatzen naiz hobeto, korrikan pixka bat atzean geratzen naiz, eta gero atzetik aurrera egiten saiatzen naiz. Bizikletan zen polita, eta niri Kanpezuko zirkuitua asko gustatzen zait. Oso-oso ondo pasatu nuen, baita asko disfrutatu ere, eta begira, sorpresa handia izan zen denontzat, baina lehenengo gelditu nintzen.

Ia proba gehienak Gipuzkoan izaten dira. Gasteizen bizituta, kostatuko zaizu betiere Gipuzkoara joatea lehiatzera.

Ba bai, beti mugitu behar izaten gara Gasteizen bizi garenok. Ordubeteko kotxea alde batera, gero bestera... Baina horrela da. Hemengoak ez dira hainbeste animatzen, eta hemendik gertu ez dira hainbeste egiten. Orduan, gustatzen zaigunez, hara mugitzea tokatzen zaigu. Gasteizen leku politak daude egiteko. Baina antolakuntza aldetik-eta jendea ez da animatzen.

11 andre aritu zarete lehian. Gizonezkoekin alderatuta, nabarmen gutxiago zaudete. Zergatik dela uste duzu?

Zailtasunagatik dela uste dut. Kanpotik begiratuta, ematen du hiru edo bost kilometro korrika eta hamabost bizikletan ez dela hainbeste, baina gero mendian gogorra egiten da eta oso esplosiboa da. Gainera, mutilen aldetik, mutil asko daude, baina maila ona dago. Ni hasi nintzenean, agian ez nuen orain dudan maila, eta beti nengoen beldurrarekin, «ea ez naizen azkena geratzen, a ze lotsa!». Neskak gutxi gara eta atzetik geratzen gara. Azkena izate horrek gelditu egiten gaitu. Orduan, uste dut horregatik dela. Azkenean, ez da hain popularra.

Nola erakarri parte hartzera?

Ba ez dakit nola. Egia da ez dela hain popularra, eta orduan, zaila dela saltoa ematea. Baina egia da agian erreleboan egiten hasten badira, errazago hartzen dela martxa. Gauza batean edo bestean pixka bat trebeagoa baldin bazara, topatzen duzu bikote bat bestean zertxobait hobea dena, eta horrela, zerbait txukuna egiteko aukera gehiago daude.

2011n hasi ziren antolatzen Euskal Herriko Mendi Duatloia zirkuitua. Zu noiz hasi zinen mendi duatloian?

Sei urte inguru daramatzat zirkuitua egiten. Baina hasi nintzenean beldurrarekin hasi nintzen, eta barregarri ez geratzeko beldurrarekin. Bat egiten nuen, baina hurrengoan ez... pentsatuz; «Begira zein gaizki egin dudan, azkena gelditu naiz...». Orduan, joan nintzen beldur hori kentzen, eta poliki-poliki egiten. Baina, orain arte, aurten izan da lehen edizioa duatloi guztiak egin ditudana. Orain arte beti falta izan zait bakarren bat, guztiak ez ditut inoiz egin. Hori ere progresiboa izan da, poliki-poliki beldurra kentzen joan naiz.

Nola hasi zinen mendi duatloian?

Gasteizen bizi naiz, baina mallabitarra naiz. Asteburu batean gurasoen etxera joan nintzen eta esan zidaten Mallabian mendi duatloia antolatu zutela, eta izena eman nuen. Eliteko lasterketa zegoen, eta gero herrikoia, kilometro gutxiago zituena. Azken hori egin nuen. Ez zegoela hain gaizki pentsatu nuen, eta hortik hasi nintzen ezagutzen zirkuitua.

Bi diziplina dira mendian, korrika eta bizikleta. Zein entrenamendu egiten dituzu? Egun batean bat eta bestean beste bat, edo biak uztartzen dituzu egun berean?

Normalean egun desberdinetan egiten ditut. Umeagatik-eta denbora larregi ez dut entrenatzeko. Batzuetan umea lokartu eta etxeko bizikleta estatikoan jartzen naiz, eta horrelakoak egiten ditut. Saiatzen naiz astean hiru entrenamendu egiten. Baina hori gutxi da. Edonori galdetzen badiozu, esango dizu gutxi dela. Korrika egiteko pixka bat alferra naiz, eta ez dut hainbeste egiten, gehiago gustatzen zait bizikletan ibiltzea. Gainera, erraztasun handiagoa dut, eta gehiago disfrutatzen dut.

Aurten azkenekoz antolatu dute Amasako mendi duatloia, boluntario falta dela-eta. Zirkuituko proba guztietan parte hartu duzunez, nola ikusten duzu gainerako herrietako egoera?

Ez dakit orain daudenek jarraituko duten ala ez. Baina behar duguna da gehiago sartzea. Geroz eta gutxiago daude; aurten sei izan dira, eta datorren urtean Amasa kenduta bost izango dira. Hasi nintzenetik, herri asko kentzen joan dira. Lehen Zegaman egiten zen, Zeanurin, Arriaranen... Herri desberdinak zerrendatik jausten joan dira, eta pena ematen du. Ea proben bukaera izango den. Herri berriak animatzen ez badira, hau galtzen joango da, eta pena bat da. Hasi nintzenean 10-11 inguru baziren. Alde horretatik, sailkapen nagusian lehena geratzeak bazuen balioa. Asteburu oro lehiatzen aritzen baikinen. Orain, ordea, sei herrirekin ere bai, baina bueno...