03 DIC. 2024 Ikasgeletan telefonoa debekatzeko milaka sinadura bildu dituzte GARA GASTEIZ Altxa Burua elkarteko kideak Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren atzo, Lakuako Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru izendatzeko eskatzeko. Talde honen ustetan, «isilpeko krisialdia» gertatzen ari da gai honen inguruan eta ez zaio behar den arretarik eskaintzen. Gipuzkoan sortu zen 2021ean Altxa Burua eta EAEko 20.000 familia biltzen ditu, ikasgeletan telefono adimentsuek sortzen dituzten arazoen aurrean konponbideak bilatzeko asmoarekin. Taldearen izenean, bi ama, lanbidez bata pediatra eta bestea hezitzailea, eta Ordiziako institutuko zuzendaria Gasteizko Parlamentuko Hezkuntza batzordean izan ziren. Horrekin batera, azken hilabeteotan sinadurak jaso dituzte, Lakuako Gobernuari eskolak telefono mugikorrik gabeko esparru izenda ditzan eskaera egiteko. IKASTETXEEN ESKU Azaldu zutenez, ez dago gai honi buruzko legerik eta, ondorioz, ikastetxeek dute erabakimena. Nabarmendu zutenez, mugikorren debekua legez ezarri den tokietan onurak izan dira. Erabili gabe ere, mugikorra geletan izatea arretaren kalterako da.