GARA Euskal Herriko egunkaria
AUTONOMIA PROPOSAMENA
Entrevista
TXOMIN CASTEIGTS
EH Baiko koordinatzaile orokorra

«Autonomiaren aldeko giro bat sumatzen da»

Txomin Casteigts EH Baiko koordinatzaile orokorrari egokitu zitzaion, Mathilde Hary alderdiko bozeramailearekin batera, autonomia proposamena aurkezteko lana, abenduaren 14an, Baionan. Ezkerreko alderdi abertzaleak eginiko proposamenak sakonago aztertzeko xedea du “Kazeta”-ri eskainitako elkarrizketak.

(Guillaume FAUVEAU)

Estatuarekiko partaidetza akordio bat, euskal herritarrek berretsitakoa. Nori begira dago EH Bai autonomiarako konpromiso demokratiko hori eraikitzeko? Euskal Elkargoari? Alderdiei?

Lehenik eta behin, euskal gizarteari luzatzen diogu gure proposamena. Egoeraren irakurketa batetik abiatzen gara; testuinguruari begiratuta, alde anitzeko krisiaren erdian gaude. Krisia soziala da, ekonomikoa, eta bistan dena, krisi klimatikoa ere hemen da. Horrez gain, frantses Estatuak egiturazko arazoa badu erronka horiei guziei erantzuteko, bere egitura hiperzentralistak tokirik ez dielako uzten estaturik gabeko nazioei. Finean, Euskal Hirigune Elkargoak berak ez du botere aski erantzunak emateko.

Herritarrekin, zein bide proposatzen duzue egitea?

Gure lehentasuna da euskal gizartearekin elkarrizketa bat abian ematea, funtsezkoa baita euskal gizartearen sostengua duten aldarrikapenak aitzina eramateko. Euskal herritarrei eta gure gizartearen parte diren eragile ezberdinei gomita zuzentzen diegu eztabaida hori emateko. Denon artean aterabideak atzematea da gure xedea.

Alderdien eremuan eta Euskal Elkargoan nola sustatu eztabaida?

Guk, Euskal Elkargoari buruz, aitzinamendu bat ekarri duela aitortzen dugu, baina, aldi berean, aitzinago egiteko adostasun aski dagoela erraten dugu.

Korsikako prozesuak autonomiaren aldarrikapena Estatuaren mahai gainean eman bazuen ere, egungo geldialdia ikusirik, zerk ematen du pentsatzera Parisen entzungarria izan daitekeela Ipar Euskal Herrian autonomia plantan emateko galdea?

Lehen erraten nuenez, gure ustez frantses Estatuak badu egiturazko arazo bat, bere izaera jakobino eta horren isla den antolaketa hiperzentralistagatik. Ahal da, bai, Korsika aipatu, edo Polinesia, edo Kanaky. Autonomiaren aldeko giro bat sumatzen da, eta uste dugu Estatuak beharko dituela erantzun berriak atzeman. Jakin behar baita Europan adibide anitz badirela, Alemanian, Belgikan... autonomiaren ereduak ez dira falta. Zentzu horretan, hor normaltasun bat bada. Baina era berean, ikusten dugu Frantses Estatua dela normaltasun horretatik kanpo dagoena.

Estatus politikoaren aldarrikapena «herritar ororen ongizate eta bizitza duina bermatzeko» lanabes gisara irudikatzen du proposamenak. Zein litzateke aktore sozialen papera marraztu duzuen ibilbide horretan?

Izaera demokratiko sakona duen proposamena landu dugu. Gure ustez, politika egiteko manera aldatu behar da. Herritarrek beraiek politikan eragiteko boterea berreskuratu behar dute eta gizarte zibilak zuzenean parte hartu behar du erabakietan. Herritarrak sistematikoki kontsultatu behar dira.

Helburu orokorra litzateke lurraldearen araberako politikak garatzea. Alta, Euskal Elkargoa sortzeko prozesuan Departamenduaren aldetik aktibatu zen erresistentzia gogoan, zuen egitasmoak talka hori areagotu dezake?

Departamenduak ditu konpetentzia sozialak. Baina gure gizarteari hobekuntzak ekartzeko, politika horiek gureganatu behar ditugu. Bai, helburu orokorrak politika sozial eta ekonomikoak dira, baina handik goiti ere, herritarrei eragiten dieten materia guziak hemendik behar ditugu kudeatu.

Trantsiziorako proposamen oso zehatzak defendatuz ez al dago arriskurik akordio zabal baterako aukerak murrizteko, aliatuak bidean galtzeko?

Guk proposamenak egiten ditugu eztabaidaren bidea zabaltzeko. Gauza zehatzak proposatzen ditugu, baina betiere aldaketak egiteko aterik itxi gabe.

Ondu duzuen proposamenak nola eraginen dio 2026ko tokiko eta elkargorako bozetarako estrategiari?

Gure proiektu orokorra defendatuko dugu alor eta egoera guzietan, baita bozetan ere, nahiz eta aurkeztu dugun proposamena zehazki bozetara bideratua ez izan.

«Lurraldeko ekosistema ekonomiko bat sortzea» proposatzen du EH Baik, helburu hori «eskala nazionalean» deklinatuz. Zeintzuk dira nazio uztarketa hori bermatzeko hobesten dituzuen tresnak?

Gure proposamenean aipatzen da zazpiak bat, Euskal Herriaren aitortza txertatua da. Integraziorako aukerak ere jorratu ditugu. Gainera, egitura amankomunak sortzeko aukerak eskaintzen ditu Europako Batasunak, eta horiek baliatuz gure ekosistema propio bat sustatzeko hautua egiten dugu aurkeztutako txostenean.