GARA Euskal Herriko egunkaria

Sortu, saldu eta hil


Artistak esan zuen emanaldi hori izango zela azkena eta, ondoren, bere burua hilko zuela. Eta zaleek bete zuten, banpiro atsekaitzek, estadio eder eta handi hura. Eta jaialdia irentsi egin zuten. Eta ondoren, agertokiko argiak itzalita, zain geratu ziren artistaren heriotzaren berria noiz zabalduko erakusleiho sozialetan. Eta hitza beteko zuela espero zutenek asmatu zuten. Herri handi baten tamaina zuen estadio hartako harmailetan bildutakoek besoak altxatuta eman zioten azken agurra. Azken agur beroa, sentitua. Lastima, hilda zegoen, bestela, artistak izugarri disfrutatuko zuen, heriotzarekin, bakarrik, lortutako ospe eta itzalarekin. Artista handien mailarik gorenera igo zuen sormenarekiko zalantzarik gabeko konpromisoak. Estadio erraldoia bete zuen: sold out haren hileta-ospakizunean. Handia izan haiz, artista handia. Gorazarrea, errespetua eta aitormena. Zaila da jakiten, egun, noiz zauden kontzertu batean, eta noiz tanatorioan, baina zalantzarik gabeko entrega hori da artista handienen, benetan itzala uzten dutenen, ezaugarria. Ez gaudenean, bakarrik, sumatuko du baten batek gure falta, beraz, prest al zaude azkeneraino iristeko? Bien bitartean, zientziari erreparatu, laster iritsiko da berpizkunde-aroa. Ondoren, zikloari berriro ekiteko: sortu, saldu, hil.