03 ENE. 2025 KLIMA LARRIALDIA Klima larrialdia Europan: arazo beraren balizko hiru agertoki Europako Ingurumen Agentziak azken urteetan klima krisiak kontinentean izan duen bilakaera aztertu du eta etorkizuneko agertoki posibleak irudikatu ditu. «Ondorioak eskualdearen arabera aldatzen direnez, erantzun uniformeak ez dira nahikoak», ohartarazi du agentziak, eta Europan klima krisiak eragin ditzakeen hiru eszenatoki marraztu ditu. Gero eta lehorte gehiago egongo direla aurreikusi dute. (Felipe RODRIGUEZ | EUROPA PRESS) GARA DONOSTIA Gero eta ikerketa zientifiko gehiagok ohartarazten dute klima krisia hasi besterik ez dela egin eta haren eragina gero eta handiagoa izango dela, «muturreko fenomeno meteorologiko» gehiagorekin. Europako Ingurumen Agentziak iragarri du larrialdi horrek oso modu desberdinean eragingo diela Europako herrialdeei, eremuaren arabera. Datozen urteetan, ikerketak jasotakoaren arabera, euriteak areagotu egingo dira Europa iparraldean. Kontinentearen erdialdean prezipitazio gutxiago izango dira, baina gogorragoak; hegoaldean, berriz, lehortea eta baso-suteak larriagotuko direla esaten du ikerketak eta guztiak arazo beraren ondorioak direla. Europako Ingurumen Agentziak (EIA) azken urteotan klima krisiak kontinentean izan duen bilakaera aztertu eta ondorio hau atera du: ziur asko, Europako eskualdeek hainbat aldaketa izango dituzte muturreko klimaren ereduetan. Ikerketak beste bi datu ere azaleratu ditu: azken 40 urtean muturreko fenomeno meteorologikoek 145.000 hildako inguru eta bilioi erdi eurorainoko galera ekonomikoak eragin dituzte Europan. EIAk gogoratu du 2024ko uda Europan eta munduan erregistratu den beroena izan dela eta, urteko lehen bederatzi hilabeteetan, baso-suteek 370.000 hektarea baso baino gehiago suntsitu dituztela. Iraileko datuak soilik kontuan hartuta, uholde larriek bi milioi pertsona ingururi eragin zieten Erdialdeko Europan, eta urriaren amaieran espainiar Estatuko euri-jasek, batez ere Valentzian, 230 pertsona hiltzeaz gain, etxebizitzak eta negozioak suntsitu zituzten. HARTU BEHARREKO NEURRIAK «Gertaera hauek gogorarazpen tamalgarriak dira Europak egokitu eta prestatu behar duen klima aldakor eta berehalakorako, eta, aldi berean, neurriak hartu behar ditu karbono isuriak nabarmen murrizteko, klima aldaketa gelditu eta mugatzeko», zehaztu du EIAk txostenean. Mende honen hasieratik, bero-boladek milaka heriotza goiztiar eragin dituzte Europan, eta EIAk horien maiztasuna eta intentsitatea handitu egingo dela aurreikusi du; horrek, egokitzapen neurriak hartu ezean, hilkortasunaren gorakada nabarmena eragingo duela ohartarazi du; batez ere, egoera zaurgarrienean dagoen populazioaren artean. Halaber, aurreikusi du hotzari lotutako hilkortasunak behera egingo duela Europako herrialde askotan, gizarte, ekonomia eta etxebizitza baldintzak hobetu direlako. Hala ere, jakinarazi du ez dagoela froga erabakigarririk aurreikusitako berotzeak hotzarekin lotutako heriotzak murriztea ekarriko duela esateko. Gauzak horrela, Europako agentzia honek planteatzen du etorkizunean klima aldaketak modu desberdinean eragingo diola Europako eskualde bakoitzari, eta ohartarazi du, halaber, muturreko fenomeno klimatikoak larriagotu egingo direla. HIRU AGERTOKI Horrela, Europako iparraldean, litekeena da urteko prezipitazioak eta euri-jasak ugaritzea eta lehorteak hain ohikoak ez izatea. Bien bitartean, Europa erdialdean euri gutxiago egingo du udan, baina muturreko fenomeno klimatiko larriagoak gertatuko dira, hala nola, prezipitazio gogorragoak, ibai-uholdeak, lehorteak eta sute-arriskuak. Urteko prezipitazioetan eta idortasunean «aldaketa mistoak» izango dira. Hegoaldean, urteko prezipitazioak eta udako euriteak gutxitu egingo dira eta, aldi berean, ez da baztertzen lehorteak eta baso-suteen arriskuak handitzea. Izan ere, «klimarekin lotutako muturreko fenomeno meteorologikoak eskualdearen arabera aldatzen direnez, erantzun uniformeak ez dira nahikoa arrisku horiek jabetzari eta bizitzari dakarzkioten gero eta mehatxu handiagoei aurre egiteko», ohartarazi du EIAk. Printzipio horretan oinarritzen da Europar Batasunaren egokitzapen estrategia; helburua Europa arriskuak kudeatzeko eta klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko hobeto prestatzea da. Era berean, EBeko prestakuntza jarduerak garatzen dira, Estatu kideei muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean prestatzen laguntzeko; esate baterako, alerta goiztiarreko sistemak abian jarriz. FENOMENOAKAzterketak egiaztatzen duenez, azken hamarkadetan Europak maiz jasan ditu klimarekin lotutako fenomeno meteorologiko eta natural larriak; hala nola, lehorteak, baso-suteak, bero-boladak, ekaitzak eta euri-jasak.