09 ENE. 2025 Arrakala Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Uste dut hainbesteko ameskeriaren eraginez gripatu egin zaidala kristalezko bola magikoa. Horregatik, galdetu diodanean ea 2025erako zer aurreikuspen dituen, erantzunak nahiko eskasak iruditu zaizkit. Adibidez, aipatu dit 2025ean despedida jendetsuek eta makrojaialdiek markatuko dutela euskal musikaren agenda. Hori banekien lehendik ere; ez da gaitasun paranormalik behar horretaz ohartzeko. Aski da komunikabideei edo Internet bidez sarrerak saltzen dituzten plataformei errepaso arin bat ematea. Beste guztiak beti bezala jarraituko duela iruditzen zaio nire lanabes magikoari. Horrelaxe adierazi dit hitzez hitz. «Beste guztiak» eta «beti bezala» kontzeptu oso generikoak direnez, pentsatu nahi dut estadioak, zezen-plazak, arenak betetzen ez ditugunak garela besteak, eta beti bezala jarraituko dugula: ahal dugun moduan, hain zuzen ere. Alajaina, musikarien lan baldintzak ez direla hobetuko (ea ez diren gehiago okertzen), zailtasunak izango ditugula tamaina ertain eta txikiko emanaldietara entzuleak erakartzeko, zarata mediatikoaren artean gure lanak ezagutarazteak erronka latza izaten jarraituko duela, eta zaila gertatuko zaigula autoestimuari eustea zuzeneko emanaldiak lortzeko zailtasunak ikusita. Laburtzeko, nire bola magikoak dio arrakala gero eta handiagoa izango dela.