12 ENE. 2025 Bidasoako mugako «ipurtargien dantza» ikertu du Ignacio Mendiolak Ignacio Mendiola ikertzaile eta irakasleak 2018. urtetik aurrera pertsona migratzaileek bizi izan duten errealitatea jaso du «La danza de las luciérnagas - Vivir, pasar y morir en la frontera del Bidasoa» liburuan (Katakrak). Santiago zubian ekimena egin zuen Sortuk migranteen heriotzak salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU) I. LEON - P. LEKUONA IRUN Ipurtargiak dantzan irudikatzea ez da erraza, baina saiakera hori egiten du “La danza de las luciérnagas - Vivir, pasar y morir en la frontera del Bidasoa” (Katakrak) liburuak. 2018. urtetik aurrera pertsona migratzaileek bizi izan duten errealitatea jaso du Ignacio Mendiolak. NAIZ Irratian elkarrizketatu zuten, ipurtargiez, ustezko segurtasun eta kontrolaz zein elkarbizitzaz mintzatzeko. Pier Paolo Pasolinik faxismo garaian ipurtargiak zeudela esaten zuen, erresistentzia izendatzeko erabili izan zituen intsektuak, eta gero eta gutxiago zeudela azaldu. Frantziako beste filosofo batek kontzeptu hori berreskuratu eta oraindik ipurtargiak badaudela esaten du, zaila izan daitekeela ikustea; «berak planteatzen du ipurtargien artean sortu ahal dela dantza bat, eta hori da nik erabili dudan metafora Bidasoko mugara etorkinak nola iristen diren azaltzeko, eta bertako jendea nola dagoen laguntzeko prest; pertsonen arteko dantza, loturak eta harremanak nola sortzen diren». BIDASOA, MUGA BEREZIA Mendiolak gogora ekarri zuenez, Schengen eremua planteatu zenean, mugikortasunak askea behar zuen, baina azkenengo urteetan Frantzian zein Alemanian esaterako, barne mugen kontrola berreskuratzea izan da joera. «Azken garai honetan mugan gertatzen dena oso adierazgarria da egungo giro politikoa ikusteko», aitortu zuen. Muga bakoitzak baduela «bere geografia» azaldu zuen, eta Bidasoko mugak ibaia edota mendate txikiak dituela, esaterako. Mendiolak adierazi du liburuak ez duela begirada historiko sendo bat jasotzen, «gehiago zentratzen da orainaldian» baina saiatu dela aurrez ere gertatutakoen erreferentziak jasotzen. Izan ere, Bidaso inguruan hainbat herritar elkarrizketatu ditu, eta «historia errepikatzen» dela erantzun zioten: «Garai bakoitzak bere ezaugarri eta ñabardurak ditu, baina gauza batzuk errepikatzen dira, egondako polizia jazarpena edota muga igarotzeko zailtasunak, adibidez. Baina baita mugaren inguruan sortutako elkartasuna ere». KONTROLA ETA SEGURTASUN «Poliziaren kontrolak aldatzen joan dira; ikerketa egiten hasi nintzenean poliziaren kontrola zorrotza zen, eta orduan ezinbestekoa zen beste toki batzuetatik pasatzea, ibaitik edota menditik», kontatu zuen Mendiolak. Polizia-kontrolak segurtasunaren diskurtsoarekin lotzearekin argi ibili behar dela ohartarazi zuen. Ekintzek ez ezik, erabiltzen diren hitzek ere eragina dute errealitatean, Mendiolaren ustetan: «Integrazioaren kontzeptua oso labainkorra da, nire iritziz. Pertsonalki ez zait bereziki gustatzen, nahiago dut elkarbizitzari buruz hitz egin. Bestalde, gaineratu zuen egungo gizartean kolonialismoaren aztarnak eta arrazakeria sumatzen direla nonahi. «Kontua ez da egokitzea, baizik eta muga ispilu bezala hartzea, birpentsatzea eta zalantzan jartzea normaltzat eta ontzat ematen ditugun diskurtsoak», hausnartu zuen. Aipaturiko elkarbizitza horretaranzko norabide bat proposatu zuen: «Jendeak erabateko askatasuna izan behar du mugitzeko eta muga bat pasatzeko. Hori onartzea ezinbestekoa izango da». ELKARBIZITZAMendiolaren ustez, «integrazio» terminoa ez da egokiena, eta integrazioaz hitz egin beharrean elkarbizitzaz hitz egin beharko litzateke: «Kontua da birpentsatzea nolakoa izan behar duen elkarbizitzak».imateo_local