GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
GORKA URBIZU
Musikaria

«Aldaketek bertigoa ematen dute, baina hobetzeko aukerak ere badira»

EP berria kaleratu du urteko astelehenik tristeena omen den honetan Gorka Urbizuk, «Bakan (I)» deituriko lana. Bi kantu ditu eta biak ere zuzenekoetan entzun ahal izan ditugu orain arte; bata, gainera, aurretik Leihotikan taldeak ezagutarazi zuen. Urbizuren webgunean aurresalmentan dago zazpi hazbeteko biniloa.

Joan Pons eta Gorka Urbizu, Txillida Lekun, 2024an eman zuten kontzertuan. (Jon URBE | FOKU)

‘‘Herri txiki’’ izeneko kantu berriak eta ‘‘Etorkizuna ginenean’’ delakoak osatzen dute Gorka Urbizuren lan labur berria, ‘‘Bakan (I)’’. Izenburua ere ez da ausaz hautatua, 2025eko «‘Bakan’ serieko lehendabizikoa» dela esan baitigu Urbizuk. Single kontzeptuaren euskarazko itzulpena litzateke ‘‘bakan’’, alajaina.

Zer moduz zaude, Gorka?

Madrilgo kontzertuaren oihartzunarekin nabil oraindik, oso-oso pozik itzuli garelako bertatik. Ahaztuko ez dugun gau horietako bat izan zen La Rivierakoa eta orain atseden hartzen eta gozatzen nabil. Baita kantu berrien zalaparta txiki honekin ere, baina pozik.

Isil-isilik eraman duzu oraingoan ere kaleratze hau.

Sekretismoarekin batzuetan pasa egiten naiz eta jende askok ez zekien hau. Kantu hauek udan Menorcan jo eta handik bueltan Lleidako Guissonan egin genuen sesio batean grabatu genituen, Cal Erileko antzokian. Hor neuzkan kajoian sartuta eta EP bat ateratzea zen nire asmoa, 2025ean. Gero etorri zitzaidan berriz ere ‘‘blue monday’’ delakoaren hori burura, eta hori nik berez ez dudala halakoetan sinisten, baina grazia egiten dit urteko egunik tristeena omen den honetan oparitxo bat egiteak.

Astelehen tristea eta Washington bezalako hiri handi batera begira jartzen bagara, are gehiago 2025eko urtarrilaren 20a. «Herri txiki» kantuan, ordea, halako toki batean jaiotzearen harrotasuna agerikoa da eta akaso jazotzen ari denaren aurrean zentzu handiagoa ere har dezake.

Gu pozik bizi gara kapitaletatik aldenduta eta bizi osoa daramat Lekunberrin, bertako ‘‘Herrizaingo Sailean’’ esaten dudan moduan, kar-kar. Hirietara oso pozik joaten naiz, baina bisitan joateko. Halaber, herrian irauten dut dezente bidaiatzen dudalako, eta oreka horretan nabil ondo. Uste dut bertatik irtengo ez banintz, ito egingo nintzatekeela.

«Ezin bada ez dugu eginen, baina guk esanda», dio kantuak. Euskaldunoi mezua?

Bueno, apur bat bai. Mezu irekia da eta aplikatu daiteke diozun horretan, eta hortik ere badu zerbait. Kantuak, beti bezala, galdera ikur sorta bat eskaintzen du eta badago irakurketa bat baino gehiago egiteko bidea. Geroz eta gehiago gustatzen zait itxi gabeko mezuak eskaintzea, neronek ere ez dudalako argi gauza asko; ‘zalantza’ dezente aldarrikatzen dudan zerbait da. Hori izaten da askotan sortzailearen akuilu edo abiapuntua, galdera bat.

Jordi Matas eta Joan Pons musikariek grabatu dute lana, «Hasiera bat» diskoan izandakoak biak eta birako musikariak. Orain, ordea, aldaketak datoz azken kontzertuan ikusi dugunez.

Sekulako bihotzeko minarekin, baina aldaketak datoz. Jordi eta Joanekin sortu da halako magia bat gu boston artean, baina haiek beren proiektuak dituzte, ekoizleak dira, ez musikariak bere horretan, eta karanbola baten ondorioz egon dira gaur arte gurekin. Diskoa grabatzera joan nintzenean ez nekien diskoa nola eramango nuen zuzenean eta haiek prest agertu ziren behin lana bukatu genuenean. Bira txiki bat izan behar zuena luzatu egin zen, eta nik 2025a ere biran eman nahi nuela esan nienean, naturala eta ulertzekoa denez, ezin zutela jarraitu esan zidaten. Negar asko egin eta besarkada asko eman ostean, Andoainen izan zen haien azken emanaldia gurekin. Haien agurraren pena soinean dudala, poza ere badut, ordea, Karlos Arancegui eta Fernando ‘‘Nando’’ Neira batuko direlako taldera orain. Haien lehenengoa beste toki batean izateanahi nuen, baina agenda kontuengatik, La Riviera bezalako areto batean jotzeko erronkarekin hasi dute bidea eta oso pozik geratu gara denok. Halako musikari puskak alboan izatea sekulakoa da. Ez da batere erraza hartu duten lana eta publikoki eskertu nahi diet.

Bulego aldaketa ere egin duzu.

Ni normalean musikara egoten naiz eta ez dakit jendeari gauza hauek ere interesatzen ote zaizkion. Urte bukaera nahiko zoroa izan da, musikari aldaketak, management aldaketak… La M.O.D.A. taldekoengatik ezagutzen nituen Black Izarrekoak eta Iruñean bertan daudenez, bada aldaketa eman da. Bide luzean aldaketa batzuk, 2.0 bat, eraberritze bat. Bertigoa ematen dute, baina aukerak ere badira hobera aldaketa bat eman ahal izateko. Itxura polita hartzen ari da 2025a. Bira non amaituko den, nola eta gero zer egingo ote dudan ere jakingo da.