27 ENE. 2025 Gordatzen gabiltza Jon GARMENDIA Idazlea Rafari leitu diot «Urbiako axuria»-ri ezin zaiola ezetzik erran. Eta aita etorri zait gogora, «jateko ez dela goserik behar» erraten zuen, baizik «janaria behar dela», eta ahal delarik, «ona». Gosaldu orduko, hamaiketakoan pentsatzen zuen hark, tira, baserriko lanei ekiten dionak badaki, hasi orduko, sabelak ordaina eskatuko diola, izerdi tantak isuri eta gutxira bestela, horixe da laborariaren liturgia. Tokiaren balorea ere ikasten du baserritarrak, lantzen duen lurraren balioa, gozo-gazi larrean edo heze-idorrean, nora jo; baina oparo. Aitari ez genion «babarrunak» entzun, baizik «Albizturko babarrunak», «Behekobordako odolkia» edo «Ezkioko buzkantza». «Aralarko arkumea» erranen zuen, «Elorriyako orkatza». Hazkuntzarako «aratxe urruxa» atzemango zuen Arizkunen, «bigara eta idisko gaztea» Diman. Sanmartingo ardo gorria» edan nahi zuen, «Oriyoko txuri txinpartaduna» bestela, baina nongotasunari garrantzia ematen zion, hitzari paper bildua jarri, eta entzuleari, opari gisa eskaintzeko. Basa oilarrak gara orain, «...Iratiko soroan bedatsian, kantatzen du gozo-gozoan. Haren botzak ez du oihana airatzen: luto da, apal, ez da urrun hedatzen. Halere, fama handi badu eginik zeren den gutiz, bekanetan entzunik. Bera, kukurukiaz, ez da, basoilarra jarri nahi hain gora nola izarra. Urguilurik ez du ihuiz hark agertu izei tink batetan nahiago da sartu hantik lepoa luzatuz, so egiteko eta etsaier ahalaz gordatzeko». Hortxe.