30 ENE. 2025 ESKOLA KIROLAREN EREDUA Entrevista GOIZANE ALVAREZ Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol, Gazteria eta Kultura diputatua «Eskola Kirola da sistema solidario eta anitza den bakarra» EAEko Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, ez da bidezkoa Gipuzkoan kirol klub batean aritu nahi duten haurrek Eskola Kirola programan ere parte hartu behar izatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea iragarri du. NAIZ Irratian izan zen atzo Goizane Alvarez, Foru Aldundiko kirol, gazteria eta kultura diputatua, gaiaren inguruan mintzatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU) P.L- Z.B DONOSTIA Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman duen epaiaren arabera, 13 urtetik beherako gazteek ez dute ikastetxeetan eskola-kirola egin beharko kirol-klubetan izena eman ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak iragarri zuen dagoeneko helegitea aurkeztuko duela erabakiaren kontra. Ezbaian gelditu da, beraz, Eskola Kirolaren etorkizuna. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol, gazteria eta kultura diputatu Goizane Alvarezek atzo NAIZ Irratian esan zuen «auzitegiak hartu duen erabakia atzera botatzeko esperantza» dutela. «Sistema solidario bakarra da Eskola Kirola. Anitza, lehenengo urteetan psikomotrizitatea lantzen duen bakarra». Auzitegi Nagusiak iritzia aldatzen ez badu, eta klub batean sartzeko multikirola egitea derrigorrezkoa ez bada, «behintzat familiek, eskolek eta klubek lehenetsiko duten aukera izatea bultzatu beharko genuke, baina ez dugu bermerik», esan zuen. Alvarezek argi adierazi zuen «espezializazio goiztiarra ekidin» behar dela, «kalteak sortzen dituelako osasunean, kirola praktikatzeko ohiturak sortzeko momentuan eta, oro har, pertsonaren garapenean». «SISTEMA BERDINTZAILEA» Auzia kirola bizitzeko molde toxikoekin «guztiz» lotuta dagoela azaldu zuen Alvarezek. Uste du «emaitzari eta lorpenei» lotuta daudela kirol klubak, eta indarkeria ere «askoz gehiago normalizatzen» dugula kirol eremuan bizitzan baino. Klubetan «praktikaren edo teknikaren ikasketan» oinarritzen dira, eta, Alvarezen ustez, «akaso landu daiteke beraiekin kirol hastapena beste modu batera egitea». Baina uste du gaur-gaurkoz garrantzitsuena kirol hori eskola eremuan egitea dela, beste balio eta gaitasunak trebatzen direlako. «Eskola Kirol hezitzailea behar du izan eta horretarako oso garrantzitsua da zein eremutan egiten den», argudiatu zuen. Gatazka hau Donostiako Askatuak saskibaloi taldean jokatu nahi zuen neska baten gurasoek hasitako prozesutik dator. Alabak taldean sartu nahi zuen, baina eskola kirolean aritzean saskibaloiaz aparteko beste kirolekin ez zuen ondo pasatzen. Hori ikusita, Gipuzkoako Aldundian eskaera egin zuten gurasoek. Hain justu ere, Askatuak-eko presidente Iñaki Almandozek jaso du aurtengo Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina. Alvarezek kontatu zuenez, ez du gaiaz Almandozekin hitz egin, baina ez du uste taldeak berak zerikusirik izan duenik. «Guraso batek eman zuen pausoa eta horrela bukatu dugu, eta orain ikusiko dugu nola lor dezakegun sistema berdintzaile eta orekatu bat mantentzea», damutu zen. KUOTA Ikasleek ordaintzen dituzten kuotei dagokienez, alde nabaria omen dago multikirolaren kostuan zona batetik bestera. Kirol diputatuak argitu zuen ikerketa bat hasi zutela kurtso hasieran «kuotak harmonizatu eta eredua leku guztietan baldintza berdintsuetan garatzeko» borondatearekin. «Ikerketako lehenengo datuek diotenaren arabera, urteko batez bestekoa 40 euroren eta 150 euroren artekoa da», argitu zuen. Bestalde, ikerketak lantzen duen beste gaietako bat Eskola Kirolaren profila nolakoa izan behar litzatekeen izan dela azaldu zuen. Aipatu zuen azken urteetan dirulaguntzen bidez «profesionalizatzeko» saiakera egin dutela. GARAPENA«Espezializazio goiztiarra ekidin» behar dela esan zuen diputatuak, pertsonaren garapenaren kaltetan ez eragiteko.