07 FEB. 2025 PASIOAK ETA ERANTZUKIZUNAK BULTZATUTA, «REMEMBER» BAT DANIAN Dania Beach pilotalekua Gernikako Jai Alai eta Durangoko Ezkurdi baino zaharragoa da. Ehun urte pasatu dira zesta-puntak ozeanoa zeharkatu eta AEBra iritsi zenetik. «Jai alai» Euskal Herria nazioartean ezagutzera eraman duen kontzeptuetako bat da. Hango urrezko aroa amaituta, Daniara itzuliko dira profesionalak. Biscayne Cup txapelketa jokatuko duten zenbait puntista: Johan, Manci, Erkiaga, Lopez eta Barandika. (Aritz LOIOLA | FOKU - ERAMAN JAI ALAI) Ane URKIRI ANSOLA Estatu Batuetan oraindik zabalik dagoen pilotaleku luze bakarra da Daniakoa. Urtean hilabete batzuetan zehar jokatzen dira txapelketak, puntista amateurrekin. Hein handi batean, plaza garrantzitsua da -akaso, gordetzen duen historiak bultzatuta- urratsa egin nahi duten kirolari horientzat. 1953an inauguratu zen Dania Beach Jai Alai, Durangoko Ezkurdi baino bi urte lehenago eta Gernikako Jai Alai baino hamarkada bat lehenago. Izan ere, bada jada mende bat zesta-puntak ozeanoa zeharkatu eta Ameriketako Estatu Batuak zapaldu zituenetik. Ezin uka, kirol honen historia zabalaren protagonista dela AEB, eta “jai alai” dela Euskal Herria nazioartean kokatzera eraman duen kontzeptuetako bat. Munduan zehar bidaiatu du eta arrakasta handiena Estatu Batuetan lortu zuen. Mende oso bateko historia eraiki du Jai Alaik Estatu Batuetan. 1924an iritsi zen Floridara, eta Hialiah izeneko zonan eraiki zuen enpresari talde batek lehen pilotalekua, gaur egun Miamiko metropoliaren parte dena. Bi urte beranduago, 1926an, Biscayne Fronton izenez ezaguna egin zen pilotaleku ospetsua eraiki zen eta Hialiah-ren lehiakide zuzena izan zen. Urte horretan, urakan handi batek Miami hiria txikitu zuen eta, orduz geroztik, ez zuten gehiago zabaldu Hialiah pilotalekua, Jai Alai AEBra eraman zuen lehen frontoia, alegia. Bertako enpresariak, baina, New Orleans eta Chicagora lekualdatu ziren, zesta-punta hiri horietara zabaltzeko asmoz. Zesta-puntaren historia goitik behera aldatu eta ezin sinetsizko lekura eraman zuen erabakia 1930eko hamarkadan iritsi zen, Floridan apustua legeztatu zutenean (1935). Pilotaleku berriak ireki ziren; lehenik, Floridan eta ondoren, 1970eko hamarkadan, Connecticut, Rodhe Island eta Nevada estatuetan. Hazkunde horren baitan ulertzen da Dania Beach pilotalekuaren eraikuntza (1953). Kantxak 54-56 metro luze inguru eta harmailetan egun bakar batean 12.500 pertsona jasotzeko gaitasuna zuen pilotalekuak -egun, 600 bat eserleku ditu-. “The Palace” izenez ezagun egin zen eta zesta-punta ikustera joatea prestigio handiko ekintza soziala bilakatu zen. «The place to be», bertan esaten duten bezala. Egun, «the place to be» hori Gernika bilakatu da, astelehenero bertan biltzen baitira 2.000 zaletik gora, bai eta Euskal Herriko panorama politiko eta kulturaleko pertsonaia mainstream-enak. Zesta-puntak beti izan du nazioarteko izaera bat, jaio zenetik. Baliteke egungo egoera salbuespena izatea. Alegia, Euskal Herrian indartsu eta nazioartean ahul egotea. 2021ean AEBko azken pilotalekua itxi zenetik, zesta-puntaren maitale eta jarraitzaileek jakin izan dute sugarra hauspotzen Euskal Herrian, kirol historiko eta ikusgarri hau guztiz gainbehera erori aurretik sototik atera eta argiztatzen. AEBn egonkortasun bat zeukaten puntista horien izen ona eta sona aprobetxatuta, urtetik urtera neguko zein udako egutegiak indartu dira Euskal Herriko pilotalekuetan, jarraitzaile talde oparoarekin. Lehen udan etortzen ziren tournee modukoa egitera AEBtik Euskal Herrira, izar gisara. Orain, etxean izar izanda, AEBra itzuliko dira, garai oparoak oroitarazi, nostalgia apurrez, han oraindik bizirik jarraitzen duen sugartxoa ere guztiz ez itzaltzeko «erantzukizunarekin». Denera, garai onenean, 16 pilotaleku egon ziren zabalik AEBn eta 500 pilotari inguruko zirkuitua osatu zen, hainbat enpresatan banatuta. Hasieran, denboraldiak motzak izaten ziren, baina apustuek indarra hartu eta negozioaren errentagarritasuna ziurtatuta, 80ko hamarkadan eskaintza urte osora zabaldu zen. Oparotasunak eta errentagarritasunak, baina, ekarri zituen garai ilun batzuk ere. Lan gatazkak piztu ziren eta horietatik garrantzitsuena 1988ko greba izan zen. Lanuzteak 1991ra arte luzatu ziren eta mugarri erabakigarria izan zen. Apusturako modu berriak legeztatu ziren, kirol berriak agertzen joan ziren (Miami Heat eta Florida Panthers, NBA eta NFL ligetan, hurrenez hurren) eta zesta-puntaren gainbeheraren hastapena izan zen. Hasiera batean, Jai Alai lizentzia zen kasinoa irekita edukitzeko baldintzetako bat. Geroztik, asko aldatu zen egoera eta, behin baldintza hori desagertuta, pilotalekuak bata bestearen atzetik ixten joan ziren. Daniakoa izan zen ixten azkena, 2021ean. Itxierak behin betikoa zirudien arren, Benny Bueno pilotalekuko intendentearen eskutik, oraindik, hilabete gutxi batzuen buruan bada ere, tarteka irekitzen duen pilotaleku luze bakarra da. «BERPIZTEKO» AUKERA Han haziak dira Imanol Lopez, Aritz Erkiaga, Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa, esaterako, egun Euskal Herrian puntista profesional gisa jokatzen dutenak. 2021eko Daniako pilotalekuaren itxiera-ekitaldian han ikusi genuen Johan Sorozabal negar batean, bi urte lehenago hara iritsi eta bere ametsa itzalita ikusi zuelako. Eta Mikel Mancisidor ‘Manci’-k hango kinielak etxetik ikusten zituen, inoiz hara joango zen itxaropen biziarekin. Mutrikuarra iritsi da han jokatzera, baina behin AEBko urrezko aroa bukatu eta amateurren txapelketekin hasi direnean. Sei puntista hauek itzuliko dira Daniara, Biscayne Cup jokatzera, otsailaren 20tik 22ra. «Imanol Lopezek han egin zituen lehendabiziko urratsak eta bertakoek eskatu digute. Aritz Erkiaga, egungo puntistarik ikusgarriena, bertara eramatea ere eskatu digute, bai eta Barandika, Lekerika eta Johan Sorozabal ere, bertako puntistak izan baitziren zenbait urtez. Mikel Manciren aukeraketa lan onaren saria da», kontatu du Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman enpresako kirol zuzendariak. Gernikan aurkeztu dute enpresaren lehen nazioarteko txapelketa eta horren arrazoiak bata bestearen atzetik pilatzen saiatzen ari diren bitartean, Imanol Lopezek, bere eskarmentuarekin, hitz bat nahikoa dauka: «Citrusen ‘remember’ bat izango da. Citrusen beti betetzen zen pilotalekua. Pilotaleku bakoitzeko pilotariak joaten ginen hara, pilotarien festa bat egiten zen eta orain ere antzeko zerbait». «Citrus, World Series edo NAJF garai bateko txapelketa handiak izan ziren, horietan batzen ziren AEBko komunitateko fanatikoak eta uste dugu, beraiek ere faltan botatzen dutela horrelako zerbait», esan zuen Zigor Etxeberriak, Eraman Jai Alai enpresako kideak. «Hitzordu polit bat ikusten dut zesta punta berriro berpizteko. Han ez dago oraindik olatu hau, formatu ezberdinekin ari dira, baina horrelako txapelketa bat egitea gaur egungo elitearekin erreminta polita izan daiteke hango egoera iraultzeko», gehitu zuen Lopezek, Jai Alai Ligako egungo txapeldunak. APUSTUAK ALBORATU Gotorlekua berpizten saiatzetik harago doa Daniarako itzulera. «Herriaren erantzukizuna ere bada zesta-puntaren sugarra ahal den neurrian mantentzea. Aukera hori guri egokitu zaigu eta iruditzen zaigu behar horri aterabide bat eman behar geniola», azaldu du Etxeberriak. Pasiotik eta erantzukizunetik abiatzen da, beraz, errelato baten iraupena luzatzeko asmoz, bai eta urrats bat harago joateko beharretik ere. Hain zuzen ere, orain arteko zesta-puntaren errelatoa AEBn apustuen zoriari lotuta joan da. Orain, Biscayne Cupekin hori guztiz aldatuko da. «Beti apustuekin lotuta egon da zesta-punta. Kinielak ere 1etik 8ra dira, txakurretan edo zaldietan bezala. Apusturako formatua izan da; kirola ez da hain garrantzitsua izan. Orain hara joatea txapelketa batekin, Jai Alai Ligaren barnean, kirolarentzat garrantzitsua da. Apustuen arabera ireki edo itxi dira frontoiak, eta orain kirola ardatz dela lur hartuko du Danian». Xabi Barandikak sei urte «polit» eman zituen Danian eta berri ontzat jo du han Gernikako enpresarekin txapelketa jokatzea. Erkiagak ere, ildo beretik, pozgarri deritzo Daniako itzulerari. Kasu honetan, Ispasterkoak uste du han dauden gazteentzat «hauspo» izan daitekeela Biscayne Cup txapelketa. «Ikasteko plaza» egokitzat dauka Dania: «Guk han ikasi genuen jokatzen, han ikasten da puntuen balioa, eta gazteak hara joaten jarraitzea garrantzitsua da. Era berean, gazte hauek txapelketa hau jokatzen dela ikusteak ere balioan jarriko du hango lana, eta hurrengo denboraldietan partida gehiago jokatzea ekar lezake». BISCAYNE CUP Otsailaren 20an eta 21ean finalerdi bana jokatuko da eta 22an izango da, finala (ETB1). Johan, Erkiaga, Barandika, Lekerika, Manci eta Lopez dira konfirmatutako puntistak.