GARA Euskal Herriko egunkaria

Erromintxela, Euskal Herrikoa eta «ez soilik ijitoena»

Erromintxelaren aldarrikapena da, «Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak» dokumentala, baita euskal herritar eta euskal ijito komunitatearen arteko bizikidetzan «gehiago ikertzeko» baliabidea.

Ijito herriaren bandera eskuan, bere kultura goratzen ari zen emakume baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Adituek argi dute ez dela hizkuntza bat, ezta dialektoa ere, baina zaila da definitzea zer den erromintxela, beharbada gutxi ikertu izan delako. Wikipedian pagadolekto gisa aipatzen dute, nahiago bada, pidgin era batean ere irudikatu daiteke. Nolanahi dela, erabat argi dagoena da erromintxela herri honen ondarea dela, ehunka urtez ijito herria honen parte den bezala.

Izan ere, erromintxela, «Euskal Herriko zerbait da, ez soilik ijitoena», Ainhoa Zamanillok NAIZ Irratian azaldu zuenez. Marta Las Herasekin batera, “Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak” (gaztelaniaz, Erromintxela, senderos y raíces) dokumentala zuzendu du Ainhoa Zamanillok: «Ijitoak hemengoak dira, ia-ia 600 urte daramatzate gurekin».

Lan hau, UN Etxea Gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako “Eman minutu bat” lehiaketa irabazi ondoren ekoitzi ahal izan dute.

Hiru zatitan banatu dute ikus-entzunezkoa; lehen zatian ijito herriaren jatorria eta Euskal Herrira arte egindako bidea jasotzen dute. «Ijito komunitate txiki bat Indiatik irten zen duela 600 urte», zuzendariak dioenez. Bigarren zatian ijito herriaren iritsieratik bertan jada bizi ziren euskaldunekin mendez ehundutako bizikidetzara begira jarri dira. Bistan da, ijitoekiko bazterkeria hor egin dela beti eta tarteka gorabeherak izan direla. Baina, oro har, harremanak nahiko onak izan direla uste du Zamanillok: «Beraiekin ez baduzu hitz egiten, Euskal Herriko jendeak ez dizu bere hizkuntza irakatsiko».

Hirugarren eta azken zatian, erromintxelaren egituran eta honen egoeran sakondu dute. Zamanilloren aburuz, lexiko, gramatika eta fonologia aldetik erromintxela euskara eta erromanieraren «nahasketa bat da», eta, urrun daudela dirudien arren, badituzte antzekotasunak, atzizkien erabilera, adibidez. Baina dokumentalak, ezin larriagoa den hizkera baten diagnosia ere badakar. «Zoritxarrez», dio Zamanillok, erromintxela hitz egiteko gai den norbait ba ote den «jakitea oso zaila da; eta, geratzen badira, normalena da beraiek ez jakitea».

AHANZTURAREN AURREAN

Funtsean, «erromintxelaren aldarrikapena» da ikusleak “Erromintxela. Bidexkak eta sustraiak” filmean topatuko duena, ez dadin ahaztu eta ez dadin desagertu. Eta jarduteko unea orain da, Zamanillok ohartarazi duenez: «Hizkuntza galduz gero, identitatea galduko dugu».

Gaur-gaurkoz, nekez lortuko da erromintxelaren erabilera orokortua berreskuratzea. Hori ez da, ordea, aitzakia bat, besoak gurutzatuta egoteko.

Libururen bat idatzi izan da, artikuluak ere bai, eta duela 30 bat urte erromintxela hitz egiteko gai ziren pertsonekin harremanetan egon ziren Josune Muñoz filologoak, Elias Lopez de Mungiak eta Oscar Vizarraga Kale Dor Kayiko presidenteak ondutako lanak ere oinarri bat finkatu zuen.

Une honetan, beraz, eraginkorrena hurrengo belaunaldiei ikertzen jarraitzeko oinarri bat eskaintzea behar duela izan ondorioztatu du Ainhoa Zamanillok: «Honi buruz gehiago ikertzeko balio baldin badu, oso pozik egongo gara».