15 FEB. 2025 Euskararekiko sentsibilizazio hamabostaldia eginen dute Lapurdiko lau herritan Ziburuk, Urruñak, Hendaiak eta Donibane Lohizunek euskara indarberritzeko egitasmoa jarri dute martxan. Martxoan izanen da sentsibilizazio hamabostaldia. Kazetak bildu du informazioa. Lau herrietako auzapezak eta hautetsiak, euskara sustatzeko egitasmoa aurkezten. (Patxi BELTZAIZ) GARA URRUÑA Ipar Euskal Herrian euskararen egoera kezkagarria dela-eta, Ziburuk, Urruñak, Hendaiak eta Donibane Lohizunek bat egin dute euskararen aldeko egitasmo berri bati ekiteko. Atzo goizean, herriotako auzapezek eta euskara arloko hautetsiek, Urruñan bildurik, “Euskara, urratsez urrats haurrekin bide egiten. Sentsibilizazio hamabostaldia” aurkeztu zuten, martxoaren 15etik 30era iraganen den egitasmoa. Gisa honetako lehen ekitaldia da Lapurdi hegoaldean eta euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea da xedea, nagusiki gurasoei bideratua, Mirentxu Aramendi Urruñako hautetsiak zehaztu zuenez. «Historikoki, gure sektorean anitz praktikatu izan da gai jakin baten inguruko material eta ekintzen partekatzea. Izpiritu horrekin antolatu nahi izan dugu euskararen aldeko hizkuntza-politikari buruzko ekintza plan amankomun bat Lapurdi hegoaldean», azaldu zuen Eneko Aldana Ziburuko auzapezak. «Gaurko irudia nahi nuke atxiki. Gure herrien egoerak desberdinak dira, baina horrek ez du kentzen euskarak batzen gaituela», azpimarratu zuen Filipe Aramendi Urruñako alkateak. Izan ere, lau herriko etxeak, bertako elkarteak, Herri elkargoa eta Plazara kolektiboa aritu dira batera, xede batekin: publiko zabala hunkitzea. EGITARAU ZABALA Hamabostaldian hamar bat ekitaldi izanen dira, hala nola mintzaldiak, tailerrak, irakurketak eta ikusgarriak. Gai nagusiak haurren hezkuntza, gurasoen rola eta euskarazko irakaskuntzaren garrantzia izanen dira. Aditu ezagunek, tartean Michel Feltin-Palas kazetariak, Paula Kasares antropologoak eta Philippe Blanchet soziolinguistak parte hartuko dute. Animazioak eta guraso erdaldunentzat euskara deskubritzeko tailerrak ere antolatu dituzte, besteak beste. Ekitaldi guziak urririk eta publiko zabalari irekiak dira. Herri antolatzaileen webguneetan atzeman daiteke informazio gehiago eta egitarau zehatza. BEHARRAEuskararen erabilera sustatzeko hamabost egunak hizkuntzaren testuinguru larrian kokatu zituzten: «Euskararen egoerak kezkagarria izaten segitzen du Ipar Euskal Herrian». Horri aurre egiteko, irakaskuntzan ezarri zuten fokua. Lehen mailako ikastetxeen %66k eta ama-eskolako haurren erdiek baino gehiagok euskarazko kurtsoak dituzte.