16 FEB. 2025 THE AGENCY Espioitza thriller entretenigarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Michael Fassbender protagonista duen espioitza-telesaila da “The Agency”; “Le Bureau des Legendes” telesail frantziarrean oinarritua dago. Osagaiak antzekoak dira, baina testuingurua, pertsonaiak eta tonua, nahiko desberdinak. Gainera, jatorrizko telesailaren mamia askoz ere sakonagoa da, eta garapena, zabalagoa. Fassbenderrek Martian izeneko pertsonaiaren rola jokatzen du; CIAko agente ezkutua da. Etiopian sei urtez infiltratuta egon ostean, bere bizitza sekretua atzean utzi eta Londresko egoitzara itzuliko da. Bertan, iraganeko maitasun harreman bat ezustean berragertu (Jodie Turner-Smith) eta harremana berpiztu egingo da; biak intrigazko eta nazioarteko espioitzako joko hilgarri batean nahasiko dira. Londresen irudiak, telesaileko pertsonaien siluetak eta espioitzaren munduarekin lotzen diren zenbait objektu Jack Whiten “Love is blindess” abestiarekin uztartzen dira; hasierako tituluen osagaiak dira horiek eta bete-betean murgilduko dute ikuslea telesailaren tonuan eta giroan. Nahiko kutsu klasikoa du eta gatazka psikologiko eta pertsonaletan jartzen du arreta; bereziki, infiltratu gisa -ezkutuko espioiak edo agente bikoitzak direnak- luzaroan atzerrian bizi eta urteetan fikziozko nortasuna mantendu behar izan duten horiengan, hain zuzen. Atalen garapena patxadatsua da: ez da akziozko sekuentzia frenetikoekin hasiko. Pertsonaiak jarriko dira erdigunean, eta plano dotore eta iradokitzaileen bitartez horien aurkezpen eta bilakaeraren testigu izango da ikuslea. Generoaren klixez gainezka dago, baina ez dute enbarazurik egiten pertsonaien ekintzak elikatzen dituztelako. Espioitza thriller entretenigarrien bila dabiltzan ikusleek gozatuko dute proposamen honekin.