GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostia Ospitalean garraioarekin dagoen arazoa konpontzeko eskatu dute


Satse, LAB, ELA, CCOO, SAE, UGT eta Tecnos sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Donostia Ospitalearen aurrean, aparkalekuekin eta garraioarekin dagoen arazoa konpon dadila exijitzeko. Izan ere, udazkenean prontoterapia eta kanpoko kontsulten eraikin berrien lanak hasi zirenetik, aparkatzeko betidanik izan den arazoa handitu egin dela diote, eta autoa uzteko tokiak asko gutxitu direla, lehen zeuden 800 ingurutik 250era gutxi gorabehera. Ohartarazi zuten horrek zailtasunak eragiten dizkiela bai langileei, baita pazienteei bai bertara medikuaren kontsultara joaten diren herritarrei.

Ez da mobilizatzen diren lehen aldia. Iragan otsailaren 7an ere elkarretaratzea egin zuten zuzendaritza beraiekin bildu zedila eskatzeko, «erabiltzaileentzako aparkaleku eta garraio publiko faltaren arazoari benetako irtenbidea emateko».

Ohar batean azaldu zutenez, bigarren mobilizazio honen ondorioz, «zuzendaritzak bere burua behartuta ikusi du» eta otsailaren 26rako bilera batera deitu ditu sindikatuak. Hauen esanetan, zuzendaritzaren aldetik izan den «informazio eta irtenbide faltak guztion ezinegon eta haserrea areagotu du».

ESKAERA ZEHATZAK

Donostiako ESIan ordezkaritza duten sindikatuak iragan urrian eta azaroan bildu ziren zuzendaritzarekin, eta zenbait proposamen egin zizkioten orduan: besteak beste, Osakidetzari autobus lantzadera zerbitzua eskatzea, Gipuzkoako beste herri batzuetatik ospitalera doazen autobus lineak indartzea, Illunbeko aparkalekua segurtasun sistemaz hornitzea, Donostiako Udalaren bidez Dbus lineak indartzea, Ama-Haurren eraikineko aparkalekurako sarbidea arautzea eta eraikin berriaren proiektua berrikustea aparkatzeko plaza gehiago izan ditzan.