22 FEB. 2025 «GIPUZKOA NODAL» EKITALDIA OIARTZUNEN Mugikortasun eraginkor, aske eta kolektiboen bila Mugikortasuna ongi eta aske bizitzeko giltzarrietako bat da. Oiartzungo «Gipuzkoa Nodal» ekitaldian, Donostia-Baiona Eurohiriko nodoez mintzatu ziren, atzo, hainbat aditu eta erakundetako ordezkari. Azaldu zutenez, bidaietan auto gutxiago erabiltzeko, multimodalitatea eta soluzio kolektiboak bultzatzen ari dira; bereziki, garraio publikoa. «Mugikortasun multimodala lurralde polizentriko baterako» solasaldiko partaideak, atzo Oiartzunen. (Gorka RUBIO | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE “Gipuzkoa Nodal. Mugikortasun multimodala lurralde polizentriko baterako”. Izenburu hori izan zuen atzo EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, RAZek eta Oiartzungo Udalak bertako Landetxe kultur aretoan egin zuten gogoeta-ekitaldiak. Zenbait hitzaldi eta mahai-inguru izan ziren, horien artean Carles Llop Hirigintza katedradunak gidatu zuena. Bertan, Donostia-Baiona Eurohiriko nodoei modu holistikoan heldu zieten. Artitz Videgain Euskal Hirigune Elkargoko ordezkaria hasi zen, 1900. urteko Lapurdiko mapa bat erakutsiz. Herri ttipi dentso batzuk ageri dira. Jendeak bost kilometro egiten zituen egunean. Hurbiltasuna eta polizentrismoa ziren lurraldearen ezaugarriak. Ordutik gauzak anitz aldatu dira. Polizentrismo hori galdu da. Egunero 45 kilometro inguru egiten ditu orain jendeak, ia denak autoz. Dentsitateak apalak dira hagitz, eta ez da eremurik etxebizitzarik ez denik. Egoera horretan, zer egin? 2017an Elkargoa sortu zen, eremu osoko mugikortasuna eta hirigintza koordinatzeko tresna. Anbizio handiko xedea jarri zuen 2020an: autoz egindako bidaiak erdira jaistea, multimodalitatea baliatuz. Adibidez, tren geltokia hiriaren sarreran badago, bertan aparkalekuak jarriz azken kilometroak garraio publikoan egiteko, aitzinetik erreserbatzen diren autobusak erabiliz edota bizikleten aparkaleku eta babeslekuak proposatuz. Helburua da denbora guztian autoa erabili gabe bidaiatzea. Bertzalde, lehen marka ezberdin pila bat ezagutu behar ziren garraio publikoan mugitzeko, baina 2022tik dena da Txik Txak. Eraginkorra izan da. «Askoz bidaiari gehiago ditugu. Baina ez dugu lortzen autoak murriztea». LEHEN PAUSOA: MUGI Eluska Renedo Gipuzkoako Garraio Agintaritzako zuzendaria da. 2012an sortu zen Agintaritza, mugikortasuna sare oso gisa planteatzeko. Lehen pausoa Mugi txartela izan zen. «Prezio bera ezarri genuen modu guztietarako eta hala lehia ekonomikoa ezabatu eta zerbitzuak hobetzea bultzatu genuen. Bidaia merkatu genien gehien erabiltzen dutenei, jendea erakartzeko». Garraio publikoan egiten diren bidaien %80 Mugirekin egiten dira. «Mugik informazio oso baliagarria ematen digu: bidaiarien bizitokia, adina, sexua... Altxor handi bat da gure garraio publikoaren plangintza hobetzeko, simulazio bidez garraioa hobetzen saiatzen baikara». Bertze datu bat ere eman zuen zuzendariak: Euskotrenek hobekuntzak egin ditu hainbat geltokitan eta 2012tik %15 ugaritu dira bidaiariak. Madalen Gonzalez Bereziartua arkitekto doktoreak Gipuzkoa polizentrikoan sakondu zuen, horretaz egin baitzuen tesia. Hiri ertainen garrantzia azpimarratu zuen ondorioen artean. XVII. mendeko mapetan ikusten da zenbat hirigune zeuden eta nola garatu ziren haien inguruan azpiegiturak eta administrazio politikak. Adibidez, Tolosan fabrikak erdigunetik aldenduta eraiki ziren, baina ez urrunegi, langileak irits zitezen. 200 HIRIGUNE XIX. mendean 200 hirigune eta 90 udalerri zeuden Gipuzkoan. «Egun, antzinako fabrika horietatik saltoki handietara igaro gara, eta 200 hirigune historiko horiek, mugikortasun pribatuaren eztandarekin, hiriburutik hurbil daude. Hala gertatu da denbora gutxian herri txiki batzuetan etxebizitzak bikoiztea». Ildo beretik, Zuriñe Varela, City Science Lab Gipuzkoako zuzendari teknikoa, bailaren nortasun handiaz mintzatu zen. «Hiri barruan mugitzeko oinez ibiltzen gara asko, baina behin kanpoan, kotxez. Irisgarritasun hori lantzen ari gara, mugitzeko denbora kontuan izanda», aipatu zuen. Llopek adierazi zuen polizentrismoa lurralde batean bizitzeko dauden modu ugariak onartzea dela eta mugikortasuna ere ikasi egiten dela. Gonzalez bat etorri zen: «Mugitu behar badugu, mugikortasuna izan dadila ahalik eta eraginkorrena eta kolektiboena». Videgainek kontatu zuen Elkargoan eztabaida batekin dabiltzala: «Lan gehienak kostaldean daudenez eta etxebizitzak lantokitik gero eta urrunago, enpresak barnealdera mugitzen ahalegindu behar dugu ala dentsitatea handitu behar dugu kostaldean?». Michelle Poyourow AEBko gonbidatu bereziak bertze ikuspuntu bat erantsi zuen: «Tarteka egiten diren desplazamenduetan zerbitzua eskaintzea oso garrantzitsua da, hor hasiko delako jendea garraio publikoan konfiantza izaten. Egun osoko desplazamenduetan pentsatu behar dugu. Jendeak aske erabaki dezakeela sentitu behar du eta hori ahalik eta gehien eskaini behar dugu zerbitzu publikoarekin», aldarrikatu zuen. «Aldizkako bidaietako zerbitzua funtsezkoa da, garraio publikoan konfiantza izaten hasteko»