23 FEB. 2025 ZORROZTARRIA Lelozenoan, bizi ala fosil! Julen MURGOITIO Dinosauroak dauzkat orain gogoan; tamainak tamaina, baina jatorrak, gero! Denak! Imajinatzen nago horiek orainaldian non edo non, flysch beltz bateko bazterren batetik begira, pozez zoratzen seguruen, planetaren oraingo kolapsoa noiz helduko, patxadaz zain. Eta nago ni horien amaierako kolapso hura modu ordenatuagoan gertatu zela bidean datorkiguna baino; hots, kaosa aurreikusgarriagoa zela orduko hartan oraingo honetan baino. Mexikoko golkoan egin omen zuen talka dinosauroak akabatu ei zituen balizko meteorito handi hark, golkoa bete hauts eta errauts utzi, eta han-hor, fotosintesia eragozteaz gain, olatu erraldoiak eta tsunamiak zabalduz, edo handik urrunera. Litekeena da. Orain golko horri ezizen berria jarri diote, Amerika edo. Ez ninduke harrituko Lurrerako bidean ustez datorren satelite txiki zer horrek berriro ere golkoaren gune horretan talka egingo balu; are gehiago, desiratzen nago, golkoko iparrean jo dezan zehazki, eguna ere zehaztuko nuke! Pentsatzen hasita, golkoa bete huts utzi eta inguruan diren olatu erreakzionario tsunamizaleak akabatuko dituen itxaropenaz nago... eta talkaren ostean landarerik geratzekotan, photoshop-ez egin dezatela fotosintesia, transgenikoak izango direnez... Kolapso garaia da hau, krisi asko eta askotarikoen garaia. Edo zikloa, politikan esaten denez. Bai zera, ziklogenesia nahiago nik! Total, kaosa bera barregarri geratu da motozerrek desgobernatzen duten gaurko planetan! Holozenoa atzean utzita, Lelozenoan gara, berbontzikeriak fosilduak geratzeko arriskuan garela. Batek zioen moduan, konplexua dena kudeatzea zaila da, baina sinplea dena faltsua da! Ezkerrarentzat gogoeta bide! Hortaz, taberna bateko komuneko atean nuen irakurri: hobe arrazoiaren parte bat izan garaiz gaudela, arrazoiaren osoa berandu denean baino.