28 FEB. 2025 A COMPLETE UNKNOWN Bob Dylanen doinuak pantaila handian GAIZKA IZAGIRRE HERNANI New Yorken eta 1960ko hamarkadan girotua, Bob Dylanen igoera azkarrari buruzko istorioa azaltzen du filmak. 19 urteko folk abeslari ia ezezagun izatetik apurka musika aretoak betetzea lortu eta zerrenda guztien gailurrera iritsi arteko aldia erakusten du. Bere ibilbidean, Peter Seeger lagun eta lankidearen laguntza izan zuen eta pertsonaia hori ere ageri da filmean; azken hau Edward Norton aktoreak antzezten du. Seeger, Estatu Batuetako folklorea berreskuratu eta hori aktibismo politikorako tresna bihurtu zuen kantari ezkertiarra izanik, komunismoaren aurkako sorgin ehizaren jazarpena jasan zuen. Hasieran, harreman handia dute Seegerrek eta Dylanek, baina gero eta maizago sortuko dira liskarrak. James Mangold da filmaren zuzendari eta gidoilaria (Jay Cocksekin batera). Zinemagile honek badu eskarmentua biopic musikalen arloan; 2005ean Joaquin Phoenix eta Reese Witherspoon protagonista zituen “Walk the Line” egin zuen, Johnny Cashen biopica. Timothee Chalamet-ek gorpuzten du Bob Dylanen pertsonaia eta berarekin batera Edward Norton, Elle Fanning, Boyd Holbrook eta Monica Barbaro ageri dira. Kritikari eta ikusle gehienek txalotu egin dute filma eta horren isla aurtengo sari gehienetan antzeman daiteke: Oscar sarietarako zortzi izendapen jaso ditu; tartean, film onenarena, zuzendari onenarena eta aktore onenarena, eta American Film Institute eta National Board of Review erakundeek 2024ko hamar film onenen artean sartu dute. Ez da Dylanen irudia zinemara eramaten den lehen aldia. Todd Haynesek, esaterako, “I'm Not There” izeneko proposamen bitxi eta ezohikoa estreinatu zuen 2007an; filmean zehar sei aktorek musikariaren nortasunaren zenbait alderdi interpretatzen dituzte. Bere bizitzaren eta musika ondarearen antzezpen artistiko eta esperimentala da.