GARA Euskal Herriko egunkaria

Covid Iraunkorraren Unitateak «arreta osoa eta pertsonalizatua» emango du

Osakidetzak Covid Iraunkorraren Unitatea zabaldu du Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Horretaz gain, medikuak jarriko ditu Araban eta Gipuzkoan ere. Xedea covid iraunkor konplexua edo larria duten pazienteei arreta osoa eta pertsonalizatua ematea da.

Alberto Martinez sailburua, covid-19 iraunkorraren elkarteetako ordezkariekin. (Oskar MATXIN EDESA)

Covid Iraunkorraren Unitatea zabaldu du Osakidetzak Bilbon, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Helburua da covid-19aren sintoma iraunkorrak edo ondorioak dituztenei «arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa» eskaintzea eta ziurtatzea. Hasi dira jada pazienteei kontsulta presentzialerako ordua ematen.

Alberto Martinez Osasun sailburuak eman zituen atzo xehetasunak. Jakinarazi zuenez, unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitalean kokatuko da. Bertan diagnostikatu eta tratatuko da patologia. Gainera, espezialista talde bat ariko da bai Gipuzkoan, bai Araban. Espezialista horiek sarean lan egingo dute beste osasun zentro batzuekin, kasu larriak eta konplexuak dituzten pazienteak tratatzeko. Unitateak EAE osoari emango dio zerbitzua.

Gaixotasunaren ikerketa ere egingo da unitate berrian. Besteak beste, biomarkagailuak bilatuko dira diagnostikoa bateratzeko eta tratamendu berrien entsegu klinikoak egingo dira. Hain zuzen ere, EAEn covid-19 iraunkorra duten lagunen bi elkarte daude; denera 265 kaltetu biltzen dituzte. Horietako batzuk izan ziren ekitaldian, eta biomarkagailuen garrantzia azpimarratu zuten, kasu guztiak atzemateko eta Gizarte Segurantzan ezintasunagatik erreklamazioak egiteko.

Sailburuak esplikatu zuenez, covid iraunkorra, Long covid edo covid-19aren osteko sindrome ere deitutakoa, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio baten ondoren sortzen den egoera klinikoa da, gutxienez hiru hilabetez modu jarraituan, aldizka edo progresiboki irauten duena eta organo eta sistema bat edo gehiago kaltetzen dituena. Horrek zaildu egiten du diagnostikoa eta tratamendua, ez baita ezagutzen sintomak denboran luzatzea eragiten duen kausa zehatza. Osasun orokorreko arazoa da. Izan ere, eragin handia du jasaten dutenen bizi kalitatean, eta tratatzeko konplexutasuna dela eta, erronka handia da osasun sistemetarako.

ERREGISTRO OFIZIALIK EZ

Sintomak askotarikoak dira. Ohikoenen artean, hauek aipa daitezke: muturreko nekea, arnasa hartzeko zailtasuna, buruko lainoa edo kontzentratzeko arazoak, giharretako eta artikulazioetako mina, takikardia, digestio-arazoak, antsietatea eta depresioa. Ez dago patologia hori duten pazienteen erregistro ofizialik.

Bost urte dira Euskal Herrian lehen kasua agertu zenetik. Martinezek «biktima guztiak» oroitu eta profesional guztien ahalegina eta dedikazioa aitortu zuen.