GARA Euskal Herriko egunkaria

ETS taldeak 45.000 pertsonako «herriko jaia» ospatuko du

Martxoaren 15ean, 21ean eta 22an kontzertu bana emango du ETSk BECen; aurten Euskal Herrian egingo dituen azken emanaldiak izango dira. Azken egunerako jarduera berezia prestatu du taldeak; herriko jai bat berregingo du. 40 bat gonbidatuk hartuko dute parte taldearen 20. urteurreneko ospakizunean eta azken datako emanaldia zuzenean ikusi ahalko da EITB taldeko hedabideetan.

Bizkaiko diputatu Leixuri Arrizabalaga, Etxezarreta kantaria eta BBKko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola. (M. MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

En Tol Sarmiento taldeak 45.000 pertsona bilduko ditu martxoaren 15ean, 21ean eta 22an BECen, 20. urteurrena ospatzeko emango dituen kontzertuetan. Taldeak, herriko jaietan inspiratuz, emanaldi berezia prestatu du aurtengo Euskal Herriko azken kontzertuak izango diren horietarako; «konposizio-geldialdia» egingo du gero.

Horrela azaldu zuen atzo Iñigo Etxezarreta ETSko abeslariak, Bilboko BBK Aretoan egindako prentsaurrekoan. Taldeak hiru aldiz beteko du BECeko Bizkaia Arena. Izan ere, sarrerak duela urtebete baino gehiago agortu ziren, irten bezain pronto. Hiru kontzertu horietan, ETSk bere ibilbidearen errepasoa egingo du, azken diskoetako abestiak ahaztu gabe. Guztira, bi orduko emankizuna izango da, modalitate ezberdinetako 40 artista gonbidatu baino gehiagorekin. Hala ere, Etxezarretak ez zuen izenik eman, baina aurreratu zuen «gure historian edo herriko jaietan guretzat oso garrantzitsuak izan direnak» izango direla.

Hasierako taldeak zeintzuk izango diren jakinarazi zuen: Andoni Ollokoegi pasaitarrak eta Gozategik kontzertu banarekin emango diote hasiera gauari hiru egunetan, ETSren emanaldien aurretik. Gainera, 22rako jarduera berezia antolatu du taldeak publiko guztientzat BECen 2. pabiloian. «Herriko jai baten berregitea izango da. Hau da, herri baten jaiak simulatuko ditugu fisikoki», azaldu zuen Etxezarretak. «Herriko jai» honetan, Miren Nogalesek eta Antton Telleriak umorez botako dute txupinazoa; Puro Relajo, Joselu Anaiak eta DJ Bullek musika ipiniko dute, eta herriko kirolak eta haurrentzako jarduerak ere egongo dira. Gune honetara sarrera erosi zuten pertsonek bakarrik izango dute sarbidea.

Hiru kontzertuek «aurrekaririk gabeko hedapen teknikoa izango dute», hala nola 250 metro koadroko pantaila bat. Izan ere, 22ko emanaldia EITBko hedabideek emango dute zuzenean. 21.30etik aurrera, Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko du saio berezi bat ETB2n eta, horretaz gain, EITBko irratien, eitb.eus-en eta Primeran-en bidez ere segitu ahal izango da. Nobedade gisa, EITBk lehen aldiz eskainiko du musika-kontzertu bat 4K formatuan.

Nahiz eta kontzertu horien ostean taldeak «konposizio-geldialdia» egingo duen, Etxezarretak azaldu zuen hori ez dela ETSren agurra. «Bere garaian, berria atera genuenean, bagenekien 20 urtean lehenengo aldiz taldeak gelditu egin behar zuela. Urtebete pasa da, eta momentu honetan esan dezakeguna da 2025ean ez dugula Euskal Herrian kontzerturik emango», esan zuen, baina aldi berean ziurtatu du inoiz ez dutela esan «taldeak utziko zuenik; jotzeko gogoz jarraitzen dugu».