GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA-PUNTA

Ipar eta Hego Euskal Herrian jokatuko den emakumeen Jai Alai League martxan da

Lehen edizioak hamar txapelketa izango ditu. Bestalde, Euskotren Winter Seriesek lau bikote izango ditu, eta gizonezkoen banakakoak, sei puntista.

Puntistak, atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan egindako aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bi albiste garrantzitsurekin dator aurten Durangoko Ezkurdiko martxoko hitzordua. 2023an mugarria ezarri zuen emakumeen lehen Winter Seriesek eta ordutik hona txapelketak ugaritzen joan dira. Orain, Euskotren Winter Seriesen 3. edizioarekin batera, emakumeen lehen Jai Alai League ere aurkeztu dute. Lehen edizio honek hamar txapelketa izango ditu, Ipar eta Hego Euskal Herrian, eta Durangoko Winters egutegiko hirugarren proba izango da. Denboraldia abenduan hasi zen, Berriatuko Mendibarren frontoian eta Durangoko lehen jardunaldiaren aurretik, Gasteizen izango du segida.

Emakumeen Euskotren Winter Seriesek Durangoko Ezkurdi izango du, beste urte batez ere, bere egoitza. Aurtengoan ere lau bikote izango dira aurrez aurre: Maite-Maialen, Helena-Arai, Ihart-Frida eta Elaia-Oaia. Partidak martxoaren 10, 17 eta 24an jokatuko dira 19.30etik aurrera eta ETB katearen bidez jarraitu ahal izango dira. Egutegi osoan, Euskotren Winter Series da, dudarik gabe, txapelketarik garrantzitsu eta entzutetsuena.

Aipatzekoa da Oaia Otaño pilotari mutrikuarrak Euskotren Winter Seriesen egingo duela debuta. Helena Barrenetxea durangarrak etxean jokatuko du eta Ihart Arakistain sopelarra Ezkurdira itzuliko da, iaz osasun arazoek txapelketatik kanpo utzi eta gero. Ihartek eta Arai Lejardik irabazi dute, hain zuzen, Jai Alai League honetako lehen proba, Berriatuan arrakasta handiz jokatu dena.

Emakumeen lehen Ligari dagokionez, Berriatuan (jokatu da dagoeneko), Gasteizen (martxoaren 7 eta 21ean), Durangon (martxoaren 10 eta 24an), Lekeition (apirilaren 5 eta 17an), Zumaian (apirilaren 7 eta 21ean), Bilbon (maiatzaren 16 eta 30ean), Mutrikun (uztailaren 11 eta 25ean), Donibane Lohizunen (data zehaztu gabe) eta Biarritzen (data zehaztu gabe) jokatuko dira. Denboraldiko zortzi pilotari onenak Final Four-erako sailkatuko dira eta hantxe ezagutuko dira Ligako txapeldunak.

BANAKAKO SERIES

Gizonezkoetan ere berritasunak datoz. Aurtengo edizioan sei pilotarik hartuko dute parte eta txapelketa final-laurdenetan abiatuko da. Lehen partida, martxoaren 3an (22.20, ETB1), Olharan / Laduche izango da, eta bigarrena, Barandika / Urreisti. Irabazleak finalerdietan Johanen eta Erkiagaren aurka neurtuko dira martxoaren 10ean eta 17an, biak 19.30ean. Johan izan zen iazko txapelduna eta Erkiaga, txapeldunordea.

Final-laurdenetako partidak martxoaren 3an hasiko dira eta gainerako hiru jardunaldiak, emakumeen Winter Seriesekin batera jokatuko dira, guztiak ere Durangoko Ezkurdi pilotaleku historikoan. Finala marrxoaren 24an izango da, 19.30ean (ETB1en 22.20an).