04 MAR. 2025 Balenciagako langileek neurriak exijitu dituzte, epea amaitzear dela Zumaiako Balenciaga ontziolako langileen batzordeko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, erakunde publikoei erantzun zehatzak eta esku hartze eraginkorra eskatzeko. Bi inbertitzailek interesa agertu dutela ezagutarazi zuten. Balenciagako langileen elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Martxoaren 31n epea amaituko da Astilleros Balenciaga enpresaren likidazioa ekidin eta inbertsore berriak bilatzeko. Ontziolako langileen batzordeko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta zaldu zuten bi inbertitzailek interes handia agertu dutela enpresan sartzeko. Testuinguru horretan, premiazko neurriak hartzeko eskatu zieten erakunde publikoei. Langileen Batzordeko presidenteak, David Tejerak (CCOO), negozioaren bideragarritasuna defendatu zuen. LABeko Imanol Belokik berriz ere Cofides sozietate publikoari egotzi zion enpresaren jarraipenerako oztopo nagusia izatearen erantzukizuna, bere ustez, «bideragarritasun plana babesteari uko egitea faktore erabakigarria izan baitzen krisiaren larriagotzean». Hori horrela, langileen batzordeak dei egin zion Lakuak, Gobernu espainolak, Gipuzkoako Aldundiak eta Zumaiako Udalak parte hartzen duten mahai instituzionalari, erantzun zehatzak eta esku hartze eraginkorrak eskain ditzan. Maria Jesus Egido PSEko batzarkideak adierazi zuen Ekonomia Ministerioa enpresaren bideragarritasuna bultzatzeko lanean ari dela, eta «laster» irtenbideren baten berri eman ahalko duela aurreratu zuen. Azken asteetan bi inbertsionistak interesa agertu dutela baieztatu zuen. «POLITIKA INDUSTRIAL PROAKTIBOA» Langileekin izan zen Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza (EH Bildu), eta administrazioek industria politika proaktiboa egiteko beharra berretsi zuen. «Ikusi dugu Talgo enpresarekin berriki hartu den erabakia. EH Bilduk begi onez ikusten du, eta bide horretan sakontzea ezinbestekoa da. Jaurlaritzak, eta kasu honetan baita Aldundiak ere, euste eta defentsiban oinarritutako politika industrialetik atera eta era proaktiboan estrategikoak diren enpresei eta industriari babesa emateko ordua iritsi da; areago, Gipuzkoak bizi duen ekonomiaren tertziarizazioari aurre egiteko», defendatu zuen indar subiranistak. Gogoratu zuenez, 2022ko abenduan Astilleros Balenciaga enpresaren zuzendaritzak langileei adierazi zien diru sarrera gehiago ez zegoela eta nominak ordaintzeko arazoak izango zituela, azken eskaerak amaitu ondoren. «Ordutik hainbat mugimendu egin da, itxiera ekiditeko eta berriz bideragarri egiteko. Zumaiako Udala bezala EH Bildu ere lehen unetik aritu da Balenciaga ontziolaren bideragarritasunaren eta irekita mantentzearen aldeko lanean buru-belarri, sinistuta baitago estrategikoa den industriaz eta, oro har, aktibitate ekonomikoaz ari garela, ez soilik Zumaiarentzat, baita Urola Kosta eskualdearentzat, eta baita Gipuzkoa osoarentzat», ohartarazi du EH Bilduk. ESKAERAKEnpresa komiteak kapital berria bilatzeko ahaleginak areagotzea eta Cofides bere jarrera malgutzeko presionatzea eskatu du. Finantzaketa publikorako aukerak aztertzeko ere galdegin du.